Errenteria eta Asturias, elkarlanean Atlantikaldia jaialdira begira

Herri Arte Eskolak bere aletxoa jarriko du Atlantikaldian laugarren urtez, eta jada ekin die jaialdiari lotutako prestaketa lanei; izan ere, aurten, Asturiasko artistekin egingo du elkartrukea, eta, horren harira, bertako kide batzuk Errenterian izan dira martxoaren 14tik 16ra burutu den egonaldian.

Bertan, ekitaldi nagusiarekin lotuta Herri Arte Eskolako irakasle zein ikasleekin hainbat entsegu egiteaz gain, Asturiasko musika eta dantza tradizionaleko emanaldi didaktikoa eskaini dira, baita hainbat musika instrumentu eta dantza topaketa eta ikastaro ere. Laura Rui pandero-jotzaile, abeslari eta dantza irakaslea, Guillermo Pérez gaita-jotzailea, Nel Sanchez akordeoi-diatoniko jotzailea eta Arsenio Ruiz danbor-jotzailea izan dira aipatutako ekintzak aurrera eraman, eta euskal doinuetan murgiltzeko aukera izan dutenak. Pola de Siero-ko Fitoria taldetik datozte lauak.

Honekin guztiarekin, Herri Arte Eskolako irakasle eta ikasleek lehen egonaldi honetako erabaki artistikoa lantzen jarraituko dute, irailean beste 3 eguneko egonaldia egingo baita.