Larunbat honetan egingo dute Zumardian XVI. Lore eta Landareen Azoka Berezia


Datorren larunbatean, maiatzaren 4ean, Errenteriako XVI. Lore eta Landareen Azoka Berezia egingo dute, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak, Errenteriako Udalak eta Dekolore Elkarteak antolatuta.

Goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:30era bitarte, Zumardia lore zein landare mota ezberdinen erakustoki bilakatuko da.

Dekolore Elkartearen parte diren hamabi ekoizle izango dira Zumardian, bailarako Landa Garapenerako Elkarteen eta Udaletxeen laguntza baliatuz mota honetako azoken antolaketa sustatzen ari dena Gipuzkoako herri nagusienetan.

Hauek dira beren landareak erakusgai jarriko dituzten hamabi landare haztegiak:

• Islaya Haztegia: kaktusak.
• Zunoyar lorategia: barruko landareak, landare apaingarriak eta bildumako landareak.
• Ortuberri: baratzako landareak eta loredun landareak.
• Urtinea: barruko eta garaiko landareak.
• Aritzkurengo Tienduka: kosmetikako artisau-produktuak eta medikuntza naturala.
• Lore prentsatua: lore prentsatua, lore lehorrekin egindako koadroak.
• Hazi ekologikoak: sendagarri eta sukaldaritzako erabilera duten landare eta haziak.
• Sojo natura: kosmetika naturaleko artisau-produktuak.
• Sara Letamendia: kosmetika naturaleko artisau-produktuak.
• Flores Ganchillo: artisau bitxiak lore-motiboz eginak.
• Tissus Artisautza: lore lehorra, banbu, eukalipto eta abarren oinarrietan kapsulatua.

Bestetik, 11:30etatik 13:00era haurrentzako landaketa eta lore lehorrekin eskulanak egiteko tailerrak izango dira. Bertan, haurrek hainbat landare ezberdin loreontzietan landatuko dituzte eta beharrezko argipenak emango zaizkie beraien zainketari buruz. Era berean, lore lehorrekin egin daitezkeen konposaketa ezberdinak nola egin ere irakatsiko zaie.

Azoka berezien garrantzia

Behemendi Elkarteak 2002an ekin zion Baserriko Produktuen Azoka Bereziak antolatzeari. Errenterian, bertako udalaren laguntzarekin, 2004ean hasi zen azoka bereziak antolatzeko egitasmoa. Lehen hiru urtetan Errenteriako lehen sektorearen inguruko herri mailako azoka antolatu izan da. Bigarren pauso bezala, eta herriko baserritarren eguneroko jardunari lotuta, Zumardian azoka bereziak antolatzeari ekin zioten iaz.

Ekintza horien zergatiak baserritar produktuen feriek bizi duten beherakada prozesuan datza. Bi dira horren arrazoi nagusiak:

• Lehen sektoreak bizi duen beherakada
• Erosleen ohituren aldaketa

Azoka hauen helburu nagusia baserriko produktuen salmenta bide zuzena sustatzea datza. Azoka bereziak salmenta puntu izateaz gain, baserriko produktuen promozio eta erakusketa-gune ere izan behar dute.