‘0.0 hondakin’ kanpaina abiatuko du Errenteriako Udalak merkataritzan eta ostalaritzan

Errenteriako Udalak hiri-hondakinen gaikako bilketa sistema aldatu eta hobetu zuen 2017 urtean eta ahalegin berezia egiten ari da, urtez urte, ahalik eta birziklapen-tasa altuena lortzeko. Horretarako, informazio eta sentsibilizazio kanpaina ezberdinak antolatu ditu azken urteotan, batetik, herritarrei orokorrean, eta, bestetik, sektore ekonomiko zehatzei zuzendurikoak.

Jakina denez, Errenteriak jarduera ekonomiko bizia du, eta merkataritza establezimenduetan sortzen diren hondakinen bolumena oso handia da, eta, kasu  askotan, horien kudeaketan zer-hobetua badago. Hala, Errenteriako  Udalak  ‘0.0 hondakin’  kanpaina abian jartzea erabaki du.

Kanpaina herriko jatetxe, taberna, janari prestatuak saltzen dituzten establezimendu eta fruta dendatara bideratuko da, batik bat. Kanpainan parte hartzeko interesa agertzen duten guztien artean, 3 establezimendu aukeratuko dira eta horiekin maila sakonean landuko da hondakinen kudeaketa, bai prebentzioan, baita gaikako bilketan ere. Kudeaketa jasangarri hori eredugarria izango da herriko gainerako establezimendu guztientzat eta errekonozimendu-agiria jasoko dute.

Aurrez aipatutako herriko establezimendu horietan informazio-gutun bat jasotzen hasi dira maiatzaren 8tik aurrera, eta, nahi duen orok, izena eman dezake kanpainan maiatzaren 22 arte, bertan zehazten diren helbide elektroniko edo telefonoa erabiliz.

Herri jasangarri baten alde, guztion laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da!