Asteazkenean hasiko da Errenterian 11 Kolore jaialdiaren IX. edizioa

Jaialdian parte hartzen duten eragileen ordezkariak eta Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi ordezkari politikoa, Itsaso Cruz Etxeberria; Maria de Frutos teknikaria eta Naroa Galdos dinamizatzailea.

Urtero bezala, Errenteriako Udalak maiatzak 21eko Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko du, herriko izaerarekin guztiz bat etorriz, Errenterian 11 Kolore jaialdiaren bitartez.

Errenteria kulturanitza dela ez dago dudarik, eta horrenbestez, jardunaldi hauen filosofia horixe da: guztiok bat egitea, partekatzea, elkar ezagutzea eta gure bizilagunengandik gertuago sentitzea, hain zuzen ere.

Aurtengo egitarauak herritar guztiei zuzendutako jarduerak eskainiko ditu, maiatzaren 15etik 29ra, udalerriko kultura aniztasunaz gozatzeko: kulturarteko topaketak, gastronomia, dantzak, musika, haurrei zuzenduriko ekintzak eta beste jarduera asko. Aukera ugari migrazioaz, arrazakeriaz eta hizkuntzaz gogoeta egiteko, oro har; baina baita, aldi berean, kulturek eta aniztasunak dakarten aberastasunaz gozatzeko, eta hartara, dituzten balio positiboak sustatu eta kulturarteko guneak sortzeko.

Programazio guztia hurrengo webgunean kontsulta daiteke: https://herribizia.errenteria.eus/11kolore/

Aurtengo jaialdiaren irudi nagusia Ainhoa Redondo herriko ilustratzaileak sortu du.

Gainera, herrian zehar kartelak eta egitaraua jasotzen duten eskuorriak zabalduko dira (Udalean, Lekuona Fabrikan, etab.). Herribizia eta Kultura Kreaktiboa webguneen online agendetan ere ekintzen inguruko informazio guztia egongo da ikusgai.

Askok eta askok egin dute kulturartekotasunaren aldeko apustua; herria aniztasunez betetzen lagundu dute, eta jaialdia egin dadin ahalbidetu. Bereziki azpimarratu eta eskertu nahi die Udalak aurtengo edizioan parte hartu izana, bai jada aipatutako guztiei, eta baita horiekin batera, jai hau posible egin duten beste eragile eta elkarte guztiei ere.

Batetik, herriko 6 ikastetxeei: Koldo Mitxelena, Bizarain Ikastola, Cristobal Gamon, Orereta Ikastola, Egiluze, Telleri-Alde Ikastetxea. Bestetik, hauei guztiei: herriko ludotekak, Errenkoalde eta herriko dendak, Ostari eta herriko taberna eta jatetxeak, Parean elkartea, Emakumeen Etxea, Udal Liburutegia, Landarbaso Abesbatza, Musikaste, Ozzinema Elkartea, Elkarrekin Koop. Txikiar Txintxarri Elkarte Gastronomikoa, Mikelazulo Elkartea, Burubeltz Konpartsa eta Niarawua batukada, Escuela De Baile Swing Donostia, Coco Dance Studio, Eureka Dance, Fikzio Fabrika, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia, Dejabu Antzerki Konpainia, Euskozenoa eta SOS Arrazakeria.