Maiatzaren 17tik 25era izango da Musikasteren 52. edizioa

Maiatzaren 17tik 25era izango da Musikaste Euskal Musikaren Astearen 52. edizioa. Zazpi egunetan banatuta, guztira 13 emanaldi egingo dituzte Errenteriako hainbat agertokitan. Aurten Lekuona Fabrikak garrantzi handia izango du, 7 kontzertu hartuko baitutu.

Kontzertuetarako sarrerek 7€ euro balioko dute; igande goizeko emanaldiak, berriz, doakoak izango dira. Sarrerak Eresebil Fundazioan, Lekuona Fabrikan eta esteka honetan eros daitezke. Halaber, kontzertuen egunean bertan ere areto bakoitzean sarrerak erosteko aukera izango da.

Musikasteren 52. edizioa ostiral honetan hasiko da Idoia Hernandez Hatxe Errenteriako konpositorearen musika esperimental eta garaikidearekin. Ohikoa denez, Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak agur esango diote jaialdiari hilaren 25ean.

Aurten, txistu, organo, musika erlijioso eta Errenteriako Musika Bandaren kontzertuak ez dira faltako igandeko agendan, eta arratsaldean Koloreka kontari ikuskizuna gehituko zaio Lekuona Fabrikan, herriko sei gazte abesbatzaren emanaldiarekin.

Kontzertu didaktikoetarako tartea ere izango da, Errenteriako 1.300 ikasle baino gehiagok emanaldia ikusteko aukera izango baitute. Halaber, Abesbatzen eguna ere egingo dute Musikasteren edizio honetan.

Jaialdiaren programazio osoa esteka honetan kontsulta daiteke.

Eresebil Fundazioak eta Andra Mari abesbatzak antolatzen dute jaialdia. Lehenak, hain zuzen, urrezko ezteiak ospatzen ditu aurten.

Musikastek Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultur sailen eta Errenteriako Udalaren babesa du; eta Laboral Kutxaren, Super Amararen, Herri Arte Eskolaren, Musika Bulegoaren, Musikeneren eta Musikagileen laguntza jasotzen du.

Euskal musikaren hiriburu

Iturria: Eresebil Fundazioa

Jaialdia aurkezteko Eresebil Fundazioaren egoitzan egin duten prentsaurrekoan, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak balioan jarri du fundazioak azken 50 urteetan “euskal musikaren ondarea babesteko eta ezagutarazteko ezinbesteko tresna” bilakatu izanak.

Musikasteren bidez, “Errenteria, zortzi egunez, euskal musikaren hiriburu” bilakatuko dela nabarmendu du Otaegik, eta  balioan jarri ditu herriko eragileek eta sortzaileek programan izan ohi duten presentzia.

Eusko Jaurlaritzako kultura saileko aholkularia den Joxean Muñozen hitzetan, berriz, “Musikasteren garrantzia ez da Errenteriara mugatzen, Euskal Herri osoak hemen dauka egunotan erreferentzia nagusia”.

Andre Mari abesbatza bi konztertu emango ditu aurten: bata hilaren 19an, eta bestea 25ean. Abesbatzaren zuzendaria den Arantxa Arzamendik adierazi duenez, azken urteetan kide berriak lortzeko arazoak dituzte, bereziki gizonen ahotsena, eta espero du Musikaste bezalako jaialdiei esker jende berria abesbatzera erakartzea.