‘Ateak Zabalduz’ ekimenaren hamargarren edizioa maiatzaren 20tik 24ra egingo da

Gaur goizean Ateak Zabalduz ekimenaren hamargarren edizioa aurkeztu dute Gabierrotako Erretiratuen elkartean Aizpea Otaegi alkateak, Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Errenteriako erretiratuen klubetako ordezkariek (San Agustin, Beti Bizkor, Bienvenido, El Parque, Laguntasuna, Arramendipe, La Magdalena eta San Jose) eta Lagunkide-Acoge programako ordezkari batek.

Ateak Zabalduz 2013an sortu zen, eta ordudanik urtero egin da (pandemiaren urteetan izan ezik), jubilatuen udal elkarteek eta Errenteriako Udalak antolatuta. Ekimen horren bidez jubilatuen udal elkarteetan ikasturtean zehar egiten diren jardueren berri eman nahi zaie herritarrei.

Gaur egun, Errenterian pertsona erretiratuen zortzi udal klub daude auzo ezberdinetan. Elkarte hauek udalerriko erretiratuentzat topaleku izateko helburuarekin sortu ziren, eta aisialdiko jarduerak ez ezik, kultura eta prebentziorako ekintzak eskaintzen dituzte.

Programa

Aurten Ateak Zabalduz maiatzaren 20tik 24ra bitarteko astean izango da, eta egitarau zabala izango du: hitzaldiak, tailerrak, bingoa, Lagunkide-Acoge gunea, abesbatza-emanaldia eta ohiko bazkaria.

Jarduera horiek guztiak Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan egingo dira, goizetan klubetan programatutako jarduerak izan ezik.

Errenteriako erretiratuen edozein klubetako bazkide orok har dezake parte, Lagunkide-Acogeren ekintzan izan ezik, zerbitzu honen erabiltzaileentzat bakarrik baita.

Bazkarian eta klubetan goizez antolatzen diren jardueretan parte hartzeko interesa dutenek euren klubetan eman behar dute izena.

Antolatzaileek adierazi dute informazio gehiago behar izanez gero erretiratuen udal elkarteetara jo daitekeela eta jardueretan parte hartzera animatu dute.

Ekintza guztiak doakoak izango dira, bazkaria izan ezik.

Hona programazioaren xehetasunak:

Hitzaldiak

Aurten bi hitzaldi egongo dira.

Lehenengoa astelehen arratsaldean izango da, 17:00etatik 18:30era, eta landuko den gaia Herritarren segurtasuna: Iruzurrak eta Lapurretak izango da. Hitzaldi hau udaltzaingoarekin elkarlanean antolatu da.

Bigarren hitzaldia astearte arratsaldean izango da, eta honen gaia Industria Errenterian Manchester txikia izango da. Hitzaldi hau herriko turismo bulegoarekin elkarlanean sortutakoa da. Honek bi zati izango ditu; batean garai hartako kokapen historikoa egingo da, eta ondoren, industria horietan lan egin zuten pertsonek ere beraien bizipenak adierazteko aukera izango dute. Hitzaldi hau 17:00-18:00 izango da.

Bingoa

Bingoa elkarte guztietan egiten den eta arrakasta handia duen ekintza bat da.
Proposamen hau ostegun arratsaldean izango da, 17:00etatik 18:30era, eta opariak zein zenbait sorpresa egongo dira.

Zenbait tailerren aurkezpena

Urtean zehar antolatutako jarduerak egiten dira elkarteetan, horietako asko adinekoen gaitasun fisikoa eta mentala lantzeko.

Gehienetan ekintza horiek errepikatzen dira, baina badira 3 elkarte beraiek bakarrik eskaintzen duten jarduera ezberdinen bat dutena: Yoga-Risoterapia Gabierrotako Laguntasuna elkartean, Irakurketa taldea Galtzarabordako El Parque elkartean eta Artearen Historia Olibeteko Beti Bizkor elkartean.

Horregatik, aurten jarduera horiek egiten diren hiru klubetan saio berezi bana antolatu da, beste elkarteetako bazkideek ezagutu eta parte hartu ahal izan ditzaten.

Aipatutako saioak horrela antolatu dira:

• Yoga-Risoterapia Gabierrotako Laguntasuna elkartean: maiatzaren 20an, 11:00etatik 12:30era.

• Artearen Historia Olibeteko Beti Bizkor elkartean: maiatzaren 21ean, 11:00etatik 12:00tara.

• Irakurketa taldea Galtzarabordako El Parque elkartean: maiatzaren 23an 11:00tik 12:30era.

Lagunkide – Acoge zerbitzua

Herriko erretiratuen elkarte ezberdinetan kokatzen diren Lagunkide – Acogeko bost taldeek ere parte hartuko dute ekimen honetan. Lagunkide-Acoge gizarte-zerbitzuetako programa bat da, eta harrera-, prebentzio- eta bizikidetza-zerbitzu bat eskaintzen du, hainbat jardueraren bidez. Beste urteetan bezala, egun honetan 5 taldeak elkartuko dira, goiza elkarrekin pasatzeko eta erabiltzaileen arteko harremana sustatzeko.

Hilaren 22an, asteazkena, 10:00etatik 13:00etara, Merkatuzarren elkartuko dira bost taldeetako erabiltzaileak. Espazio honetan, egunero Lagunkide-Acoge-ra joaten diren pertsonek hainbat jarduera ludiko eta lunch batez gozatu ahal izango dute. Aurtengo jarduera karaokea izango da.

Abesbatza ekitaldia

Asteazkenean, hilaren 22an, erretiratuen zenbait klubetako abesbatza-taldeen emanaldia izango da.

Abesbatza bakoitzak abesti sorta bat aurkeztuko du banaka, ondoren talde guztiek errepertorio bat aldi berean abestuko dute eta kontzertura joaten den publikoarekin abesten amaituko dute. Saio hau Merkatuzarren izango da, 17:00etatik 18:30era izango da.

Bazkaria

Ateak Zabalduz ekimenaren aurtengo egitarauari amaiera emateko, besteetan bezala, bazkaria antolatu dute. Ostiralean izango da, 14:00etan, eta bertan 8 erretiratuen elkarteetako kide guztiek musikaz girotuta bazkaltzeko aukera izango dute. Aurretiko izen-ematearekin.