Begiradak leihoetatik

Errenteriarren arnas filmikoa

2020a urte berezia da Errenterian, ospakizun urtea; izan ere, hiribildua eratu zenetik 700 urte beteko baitira datorren apirilaren 5ean. Urteurrena nondik gatozen, nor garen eta, bereziki, nora goazen galderen inguruan hausnarketa eragiteko aukera ezin hobea da baina Covid-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduak inoiz imajinatuko ez genukeen egoeran jarri gaitu herri eta gizarte moduan.

Egunotan gu guztion baitan sortzen ari zaizkigun hausnarketek sekulako balioa izan dezakete etorkizuneko Errenteriaren eraikuntzan eta horiek guztiak film batean biltzeko saiakera da hau; Errenteriako egungo egoerak sortutako autoerretratu filmiko bat sortzeko saiakera, hain zuzen.

NOLA EGINGO DUGU?

Errenteriarrak izango dira film honen arima. Hori dela eta, ondorengo galderei erantzuna emango dieten bideoak grabatzeko eskatu nahi dizuegu herritarrei:

  • Zer ikusten duzu zure etxeko leihotik?
  • Zeintzuk dira zure ametsak?
  • Zein gauza garrantzitsuez ohartu zara azken egunotan?
  • Zer aldatzen ari da zure baitan egun hauetan?
  • Etorkizuneko errenteriarrek bideo hau ikusi ahalko balute zer esango zenieke?
  • Aurkeztuko zenizkiguke zure ondokoak?
  • Zein izan da zure azken une zoriontsua itxialdiaren aurretik? Gorderik al duzu?
  • Ba al dakizu zein izango den hurrena?

 

Grabazio motzak izan beharko dira, 30-40 segundutakoak. Herritar bakoitzak nahi adina bideo bidali ahal izango du eta norberak erabakiko du proposatutako galdera bakarrari erantzun nahi dion, batzuei edo guztiei. Gainera, erosoen sentitzen den hizkuntzan egin ahal izango du.

Grabazioaren momentuan kontuan hartzeko pare bat kontu: mugikorra edo tableta horizontalean jarri beharko dira eta hondoko musika saihestu.

Bideoen bidalketa web orri honetan bertan dagoen formularioaren bidez egin beharko da eta horretarako epea apirilaren 5ean amaituko da. Edizio lan baten ostean, jasotako materialarekin ‘Begiradak leihoetatik’ film kolektiboa osatuko dugu.