Topmapa, Errenteriako Kultur Mapa Topologikoa sortzeko proiektua abian da

Errenteriako Udaleko Kultura Sailak, herriko kultur eragileen identifikatze eta harremanen aztertze lanari ekin dio, elkar ezagutza eta elkarlana errazteko asmoarekin. Topmapa izenburupean, dagoeneko datu bilketarekin hasi direla azaldu dute, gaur goizean, Ion Collar Kultura zinegotziak, Iker Tolosa Kultura teknikariak eta Maitri Ugalde proiektuaren kolaboratzaileak.

Collarrek proiektuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du hasteko: “Errenteriak kultur-sare izugarria du. Hainbat eta hainbat norbanako zein eragile ari dira kulturgintzan lanean, bere zentzu zabalenean ulertuta. Ogibidea da batzuentzat, afizioa besteentzat, baina guztien artean egitura zabal eta anitza osatzen dugula badakigu eta horren argazki erreal bat egitea beharrezkoa iruditu zaigu”.

Topmapa, Errenteriako Kultur Mapa Topologikoa izango da. Hala azaldu du Tolosak: “Topologiak egitura eta harremanen irudikapenari erreferentzia egiten dion kontzeptua da. Eragileen izaera konplexu eta aldakorra kontuan hartuko du eta eragileen arteko harremanak modu argi batean adieraziko ditu. Topmapa honen bidez eragileen arteko elkarlanari bultzada eman nahi diogu. Nolabaiteko “mapa” batean Errenteria kultur sistema osatzen duten eragileak erakutsi nahi ditugu”.

Horretarako, abiapuntu moduan bi eremu definitu dituztela ere esan du: herrigintza eta praktika artistikoak. “Bi bloke handi hauetan banatuta, eragile bakoitzak bere izaera eta jardueraren berri emateko aukera izango du”.

Errenteriako “argazki” dinamiko eta aldakor honen bidez, eta Lekuona Sorkuntza Fabrikaren irekierarekin, gainera, eragileen artean proiektu berriak sustatzea bilatuko dute, izan ere, tresna honen azken helburua hori dela azaldu du Kultura teknikariak: “Disziplina guztietako artistak, arlo ezberdinetako elkarteak, esparru anitzetan lanean diarduten kolektiboak… denak ari dira Errenterian edota Errenterirako lanean. Bada horien guztien lana islatu eta balioan jartzeaz gain, elkarlan eta proiektu berrien pizgarri ere izan nahi du Topmapak”.

Maitri Ugalde da Topmaparen definizio eta datu jasoketa lanetan ari den kideetako bat. Berak azaldu duenez, udako hilabetetan zehar, informazio bilketan murgilduko da ekimena. Horretarako, herribizia.errenteria.eus/topmapa orrialdean galdetegia sortu dute, interesa duen orok, modu errazean, bere jardueraren berri eman dezan. Nahiago duenak, paperean ere bete ahalko du galdetegia Zu! arreta zerbitzuan.

Top Mapa luzera begirako lanketa ireki bat da izateko asmoarekin jaio dela ere esan du Tolosak, “etengabe informazioa gehitzeko aukera ematen duen mapa”. Eta aurrerapen gisa, aipatu du, jasotako informazioa kontsultagarri izango dela modu bisualean Lekuona, euskarri fisiko eta digital batean.

Informazio gehiagorako 666 984 462 telefono zenbakira dei dezakete interesdunek edo topmapa@errenteria.eus helbide elektronikora idatzi.