Zumardiko merkatua berregituratuko du Udalak herriko komertzioari bultzada berri bat emateko

Errenteriako Zumardian astelehenero burutzen den merkatuaren berregituraketa egiteko lanean ari da Udala. Aldaketa honek postu gehiago egotea, garbitasuna hobetu eta merkatu berari bultzada bat emateko asmoa du.

Jon Txasko Errenteriako Ogasuneko zinegotziak azaldu duenez, berregituraketaren helburua “saltzaile eta erosleek baldintza hobeak izatea” da eta merkatuari “ahalik eta balore handiena” ematea da.

Izan ere, Txaskoren hitzetan, merkatuak “oso potentzial handia du, jende asko erakartzen duelako” eta komertzioaren “eragile” garrantzitsu bat da, baita inguruko hainbat negozioentzat ere. Berregituraketa berri hau egiteko beste herri batzuetako merkatuen antolakuntza aztertu dutela aipatu du, hauen artean Irungoa, Ordiziakoa edo Hernanikoa.

Egitura berria sortzeko prozesua irailean hasi zuen Udalak eta laster ikusi ahal izango dira lehenengo berritasunak. Hilaren 27tik aurrera 8 edo 9 postu berri saltzen hasiko direla iragarri du Ogasuneko zinegotziak. Postu berriei baimena emateko irizpide batzuk ezarriko dituzte: eskainitako produktuak berriak izatea, herriarentzat interesgarriak izatea eta konpetentzia sustatzea produktu jakin bat saltzen postu bakarra dagoen kasuetan. Modu berean, tokiko salmentan esperientzia izatea baloratuko da.

Berregituraketa honek Udalarekin zorrak dituzten postuei ordaintzeke duten dirua pagatzeko aukera emango die ere bai. Hori lortzeko neurrietako bat postuen erregistro berri bat izango da, Udalak kudeatuko duena.

Garbitasunari dagokionez, zaborrak biltzeko kontenedore gehiago ipiniko dira, hondakinek saltzaile eta erosleen kexak eragin baitituzte. Halaber, merkatuaren antolaketan erabiltzen diren ibilgailuak zumardia alboko aparkalekuan kontzentratuko dituzte, zubiaren beste aldean.

Aurreikusitako ekimenen artean Zumardiko oholtza aprobetxatzea litzateke beste bat, bertara artisauak eramanez beren lana erakusteko eta kontzertuak edo bestelako ekitaldi kulturalak antolatuz jende gehiago merkatura erakartzeko asmoarekin.