Herrietako batzarrak eratzea, Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren hurrengo urratsa

Gazteria | Kultura | Oarsoaldea | Partehartzea 2012-05-10 | 0

Datorren astean Pasaian, Errenterian, Lezon eta Oiartzunen herri batzar irekiak egingo dira Irrien Lagunak Oarsoaldean aisia hezitzaile eta parte-hartzailearen ekimenean sakontzen jarraitzeko.

Joan den martxoaren 24an, Errenteriako Merkatuzarren egin zen Topaketa eta Jakintza Trukearen saioaren ondotik, herri batzarrak eratzea da hurrengo urratsa. Herri batzar hauek erabat irekiak izango dira, eta bertan hausnartu, eztabaidatu, adostu eta diseinatuko da datorren ikasturtean herri bakoitzean abian jarriko den haurrentzako aisia hezitzaile eta parte-hartzailearen egitasmoa, eta baita horren aurrendari izan daitekeen Oarsoaldeko festa ere.

Herrietako batzarrak hurrengo egun hauetan egingo dira:

• Pasaian, maiatzaren 15ean, asteartea, 19:00etan, Antxoko liburutegian.

• Errenterian, maiatzaren 16an, asteazkena, 18:30ean, Merkatuzarreko Erabilera Anitzeko gelan.

• Lezon, maiatzaren 17an, osteguna, 19:00etan, Kultura aretoan.

• Oiartzunen, maiatzaren 18an, ostirala, 18:30ean, Manuel Lekuona bibliotekaren ganbaran.

Topaketara eta Jakintza Trukerako jardunaldira 90 bat heldu eta 50 bat haur elkartu ziren joan den martxoaren 24an. Jendearen erantzunak, bai kopuruagatik eta baita bertan jaso zen ekarpenagatik ere, hurrengo urratsa egiteko baldintza egokiak jarri ditu. Goiz osoko lan saioa egin zuten bai helduek eta baita haurrek ere, Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimena mamiz janzten hasteko. Lau zutaberen gainean egin zuten lan: aisia hezitzailea zer den aztertu zuten, euskararen zentralitatea nola bermatu hausnartu, parte-hartze prozesuen nolakotasuna ikusi eta auzolanaren beharra berretsi zuten. Jendearen ekarpen, iritzi eta proposamenak asko eta ugariak izan ziren eta errotik aberastu dute ekimena. Hain zuzen ere, proposamen horietatik abiatuko da herrietako batzarretan egin beharreko lana. Honenbestez, esan liteke, ekimenak oinarriak finkatu eta sendotu dituela eta jendearen atxikimendua lortu duela.

Topaketaren aurretik, otsail bukaeran eta martxo hasieran, herriz herriko aurkezpenak egin ziren. Guztira, gutxi asko, lau herrien artean, 130 bat lagun bildu zen. Eta horietatik 120 parte hartzeko prest agertu ziren. Banakako, guraso, talde, elkarte eta ikastetxeetako jendea bildu zen oro bat, bai eta udaletako hainbat agintari politiko eta hainbat alorretako teknikariak ere. Gizon eta emakume, gazte eta heldu, eta baita haurren bat ere.

Ezaugarri bereziak dituen ekimena

Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren helburua ez da aisialdi egitarau arrunt bat antolatzea. Aitzitik, balioetan hezitzailea izango den aisia-egitarau bat apailatzea da xedea, baina bi mailatan gutxienez: hezitzailea bai edukietan eta baita egiteko moduetan ere. Hortik, helburu izatea herritarren arteko sarea, eta baita herritar eta udalen artekoa ere, sendotzea. Eta hortik dator, halaber, haurrak helduekin batera berdinetik berdinera erabakietan integratzea.

Bi ekimen zehatz daude proposatuta: bat, udazkenean Oarsoaldean jai bat egitea, eta bi, ondoren herri bakoitzean ikasturte oso bat iraungo duen aisia-egitaraua martxa jartzea.

Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenak herritarrak eta herrietako batzarrak ditu oinarri nagusi. Hori izango da lan-leku eta erabaki-gune. Horien laguntzaile dira Irrien Lagunak Kluba eta Sorguneak ikertegia. Irrien Lagunak Klubak orain hiru urte zabaldu zituen ateak haurrei aisialdirako euskarazko produktuak eskaintzeko asmoz. Web gunearekin eta aldizkariarekin plazaratu zen. Geroztik, egitasmo gehiago jarri ditu abian, besteak beste, Zeraingo barnetegia eta urteroko Irrien Lagunen festa. Porrotx, Pirritx eta Marimotots pailazo ezagunak dira proiektu horren parte, eta Oarsoaldeko ekimenari haurrentzat eta helduentzat erabat ezagun den iruditeria eta balio mundua eskaintzen dizkiote nahierara erabil ditzaten. Sorguneak Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikertaldea da. Ikertegi honen lan eremua euskal kultura da eta berau biziberritzeko estrategiak proposatzea du helburu. Zentzu horretan, ikerketa aplikatua egiten du. Abiapuntuko hirugarren hanka Oarsoaldeko euskara teknikariak dira. Lehenagotik ere oso estimatuak euskararen transmisio eta normalizazioan egiten duten lanagatik.

No comments yet.

Utzi erantzuna