Ertza konpainiaren ‘Act of god’ lana Errenterian izango da ekainaren 9an

Errenteria Hiria Kulturgunean Ertza dantza konpainiaren ‘Act of god’ lana ikusteko aukera izango da ekainaren 9an, larunbata. Ertzak sinismen erlijiosoei buruzko hausnarketa berezi eta desberdin bat proposatzen digu lan honekin, dantza izango baita hausnarketa hori egiteko erabiliko duten tresna.

Arratsaldeko 20:00tan izango da ikuskizun honen emanaldia. Sarrerak Kulturguneko lehiatilan erosi ahal izango dira emanaldia hasi baino ordu bete lehenago.

SINOPSIA

Geure erantzukizunetik askatzeko asmazioa ote da jainkoa? Askatasunari diogun izua baretzeko modua? Beste norbaitengan sinestearen poderioz, geure buruengan ez sinestekoa? Beldurrari errentagarritasuna ateratzeko era zikoitza, ala haraindiko munduen itxaropena?

Zenbaitentzat herriaren opioa dena, kontsolamendua eta indarra emateko erritual sorta da beste batzuentzat. Batzuentzat sineskeria antolatua dena, bizitzaren zentzurik eza zedarritu eta arautzeko modua da bestetzuentzat. Gertaerak daude batetik, eta gertaera horien interpretazioa, bestetik. Gauzen zergatia haurren seta eta xalotasunarekin galdetzen dutenen begiradan kokatzen da ACT OF GOD. Zer da komenigarriago, drama ilunari etsipen kristauarekin behatzea, ala datorrenari umore beltzarekin heltzea? Balio al dute garai berriotan berba zahar eta higatuek? Hitza amaitzen den lekuan, ulua baino ez zaigu geratzen. Oihukatutako ulua, eta, zergatik ez, dantzatutako ulua.

Act of God inguruko bideo bat ikusgai dago Ertza konpainiaren webgunean.

 

ZUZENDARITZA: Asier Zabaleta.

LAGUNTZAILEA: Arantza Balentziaga.

DANTZARIAK: Eneko Gil, Lorentxa Iturralde, Noemí Viana, Asier Zabaleta.

KOREOGRAFIA: Asier Zabaleta.

AKTORE ZUZENDARITZA-DRAMATURGIA: Ander Lipus.

TESTUAK: Harkaitz Cano.

SOINU DISEINUA: Xabier Erkizia.

ARGIZTAPENA: Oscar Grijalba.

GRAFISMOA: Iker Urteaga.

BANAKETA: Arantza Balentziaga

IRAUPENA: Ordu bat inguru.