Ingurumen neurri berriak hondakinen gaikako bilketan

Errenteriako Udala hainbat aldaketa eta ingurumeneko neurriak ezartzen ari da kaleetan, ikastetxeetan eta udal eraikinetan hondakinen gaikako bilketa areagotzeko, hain zuzen ere honako hiru eremu hauetan:

1. Hirigune historikoan dauden kaleetan

2. Ikastetxeetan: Langaitz Ikastola

3. Udal eraikinetan: Udaletxea, Gizarte Zerbitzuak eta Udaltzaingoa

Horrela, bada, urtarrilean zehar, paperontziak instalatzen ari dira bide publikoan hondakinen gaikako bilketa sustatzeko, eta hasiera batean Errenteriako erdialdean. Ekintza hori Merkatagune Programaren barnean kokatzen da, hiriguneak dinamizatzen laguntzen duena tokiko merkataritza hobetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak kofinantzatzen duen programa da. Paperontzi berriek, ezaugarri urdinak eta horiak dituztelarik, ahalbideratuko dute herritarrek papera eta ontzi arinak birziklatzea. Horren haritik, Udalak herritarrei lankidetza eta hondakin mota ezberdinak behar bezala uztea eskatu nahi die.

Beste aldetik, Langaitz Ikastolak bertako hondakinen gaikako bilketa bultzatu nahi du (ontzi arinak, plastikoak). Hala izan dadin, 20 zaborrontzi eta paperontzi berri jarri dituzte gehiago birziklatu eta ingurumenarekiko eragina urritzeko. Horretan udalaren laguntza eta finantzazioa izan dituzte.

Udal eraikinei dagokienez, gutxi barru adjudikatuko da hiru udal eraikinen garbiketarako kontratua (Udala, Gizarte Zerbitzuak eta Udaltzaingoa). Enpresa esleipendunak burutuko dituen aldaketen artean, eta 2009ko Udal Ingurumenaren Estrategiaren barnean (Udalaren Erosketa eta Kontratazio Publikoa Berdearen Programa), aurkitzen ditugu ontzien gaikako bilketa eta etiketatze ekologiko duten produktu kimikoak erabiltzea, era horretan kutsadura kimikoa murrizteko.

Jarduera multzo horretan orain arte guztira 13.550 euro inbertitu dira. Udala jabetzen da ingurumenari eta egunero sortzen dugun zabor tamainari loturiko arazoez. Halako neurriekin Udalak nahi du 1997ko Hondakinen Udal Ordenantzaren betetze maila areagotu, sorturiko hondakinak sailkatzera eta birziklatzera behartzen baikaitu.