Ostegunean egingo diote harrera Emakumeen Mundu Martxari Errenterian

EMM1“Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte”, horixe da martxoaren 8aren bueltan Kurdistanen abiatu zen Laugarren Emakumeen Mundu Martxaren leloa. Lisboan amaituko da urriaren 17an. Bitarte horretan Euskal Herria ere zeharkatuko du karabana feministak. Herenegun, irailak 28, heldu zen Euskal Herrira Tafallan barrena eta urriaren 4an Bilbon agurra egingo diote. Egun horietan zehar Euskal Herriko txoko ezberdinak igaroko ditu martxak eta ostegunean bertan Errenterian egingo du geldialdia.

Ongi etorri beroa eman nahi dio Oarsoaldeko mugimendu feministak martxari eta horregatik egun osoko egitaraua antolatu du ostegunerako. Goizeko 10:00ak aldera iritsiko da Errenteriara, eta ordu horretan bertan karabanari harrera egitearekin batera hazi ekintza koloretsua egingo dute. Horren ostean, herritik manifestazioan joango dira Xenpelar plazara. Bertan hamaiketakoa egin eta Kurdistandik datorren liburuan testigantzak idatziko dituzte. 12:00ak aldera agurtuko dute karabana Gabierrotan, hainbat sorpresaren artean, antolatzaileen hitzetan. Karabana feministak bere bidea jarraituko badu ere, arratsalderako ere ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Hala nola, pintxo-potea, ekitaldia edota brindisa.

Baso feminista

Aurtengo Emakumeen Mundu Martxak haziak hartu ditu ikur moduan, elikadura burujabetzaren aldeko borroka gogorarazi nahiean. Horrela, antolaturiko ekintza asko hazien inguruan, haziak esku artean hartuta, haziekin jolasean… egin nahi izan dituzte, bai Oarsoaldean, baita gainontzeko tokietan ere. Bide horretan, pasa den igandean, irailaren 27an, baso feminista inauguratu zuten Lezoko Altamira auzoan. Zozaiako Mari Basoa izena eman diote. Zozaiako Mari Zugarramurdiko epaiketetan kondenatua izan zen emakume errenteriarra izan zen. Eta baso horrekin Zozaiako Mari omendu eta ezagutarazi nahi izan dute.

Udalaren babesa

Errenteriako udalak adierazpen instituzionala egin du eta Emakumeen Mundu Martxari babesa eskaini dio. Zentzu horretan, bere esku dauden baliabideekin “berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko” konpromisoa hartzen duela adierazi du. Hala nola, indarkeria sexista deuseztatzeko, zaintzaileen bizitzak hobetzeko, aniztasun sexuala bermatzeko edota emakumeen jabekuntza sustatzeko lan egiteko konpromisoa hartuko duela esan du.

adierazpen instituzionala

EMM_kartela