Atlantikaldiaren IV. edizioak itsas topaleku bilakatuko du Errenteria

Atlantikaldia_eragileekin bilera

  • Irailaren 21etik 24ra ospatuko da jaialdiaren laugarren edizioa.
  • Eragileek egitaraua osatzeko proposamenak lantzeko eta aurkezteko aukera izango dute maiatzaren 5era arte.

28.500 pertsonek parte hartu zuen iaz Atlantikaldian. Hala dio, Dinycon enpresak jaialdiko egunetan ezarritako kontaketa sistemak. Zifra hau eta baita Errenteriako kaleetan lau egunetan izan zen giro ezinobea ere jaialdiaren arrakastaren erakusle dira. Hori dela eta, Atlantikaldiaren laugarren edizioa osatzeko lanetan hasi da jada Errenteriako Udala.

Lehenengo bi edizioetan Errenteriaren itsas-izaera barneratzea lortu zuen jaialdiak. Iaz, Atlantikotik haratago, mundura zabaldu zen, beste itsaso eta itsas herriekin harremanak bideratuz eta Errenteriaren izaera aberastuz. 2017ko edizio honetan, zabalpen bide honekin jarraituko du Atlantikaldiak, orain arte egindako ibilbidea baliatuz, Itsas Topaleku bilakatzeko.

Kontzeptu hau bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagunea eta musika jaialdia. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Eragileen proposamenekin sortzen da jaialdiaren programazioa.

Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.

Itsas topaleku

ae24f6be-be13-4b3b-921b-72afb8016309Atlantikaldiak, itsasontzi handi bat balitzan, lau eguneko kultur lehorreratze handi bat irudikatuko du. Berarekin, munduko txoko ezberdinetako musikak, hizkuntzak, gastronomia, jolasak eta bestelako jarduerak ekarriko ditu. Lau egunez, Errenteria kolorez eta doinuz beteko da, garai bateko itsas portuetan bezala etorrera bakoitzarekin herria goitik behera eraldatuz.

Jaialdiak nortasun berezia izango duten guneak sortuko ditu, modu berezian apaindutako Itsas Topalekuak irudikatuz. Topaleku hauen bitartez, herriko hainbat espazio eraldatuko da, aurreiritzirik gabeko guneak bihurtzeko helburuarekin. Gune hauek berriak izango dira herritar zein bisitarien begietan. Horrela, topalekuek, Atlantikaldia ikuspegi zabalarekin gozatzea ahalbidetuko dute.

Proposamenak jasotzeko txanda

Oinarrian dagoen filosofiari eutsiz, herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraituko du Atlantikaldiak. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren partehartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu nahi du aurtengo egitaraua.

Hala, atzo, apirilak 5, herriko eragileekin bilera egin zuen jaialdiaren antolaketa lantaldeak, jaialdiaren xehetasunak eman eta zalantzak argitzeko. Arratsaldeko 19:00etan izan zen, Niessen Kulturguneko Entsegu Gelan eta hainbat eragile bildu zen bertan.

Proposamenak aurkezteko hilabeteko epea izango da –maiatzaren 5a da azken eguna–. Posta elektronikoz (info.atlantikaldia@errenteria.eus) edo www.atlantikaldia.errenteria.eus webguneko formularioa betez aurkez daitezke (apirilaren 10etik aurrera). Nahiago duenak, 617 42 07 30 telefono zenbakira ere dei dezake hitzordu bat eskatzeko.

Proposamenak baloratzeko garaian, antolakuntza batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: eragileek urtean zehar antolatzen dituzten ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hots, berrikuntza bat barneratzea; partehartzea sustatzea, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako ekimena izatea; itsasoa ardatz hartuta sortutako ekimena izatea; kaletarra, topagune izatea.

0dfb9ed3-043f-44b1-8ccf-3136239b3d81