Ahozko euskal literaturan oinarritutako ikuskizuna sortu dute Orereta ikastolako ikasleek

Bagabigahiga

Orereta Ikastolako DBH4. mailako ikasleek ahozko euskal literaturari buruzko emanaldia eskaini zuten Niessen Kulturgunean pasa den apirilaren 4an. “Baga, biga, higa” izenburupean, ahozko literaturako hainbat obra oholtzaratu zituzten, baita Euskal Herrian aski ezagunak izan diren Lauaxeta, Lizardi edota Xabier Leteren poemak errezitatu ere.

Ikastolatik adierazi dutenez, ikasleek gustura hartu zuten erronka: “euskal kantu eta poemak ikasi, musika prestatu, antzeztu, entsegu lanetan aritu, talde lanean erabakiak hartu, elkarren lanaz hausnartu, eta gonbidapen zein kartelak egiten igaro dituzte azken asteak”.

Ikasleen aiton amonei zuzendutako ikuskizuna izan zen, 200 gonbidatu baino gehiagorekin. Ahozko euskal literatura belaunaldi berriengana iristeko ahaleginean aritu ondoren, txalo zaparrada jaso zuten ikasleek ikuskizunaren amaieran.