Antzerki eta dantza konpainia profesionalekin solasaldiak ekarriko ditu “Atarian” ekimenak

Niessen Kulturguneko programazioa berrikuntzekin iritsi da udazkenera. Ohikoa denez, hilero-hilero, publiko helduarentzako ikuskizun bat eta publiko familiarrarentzako beste bat hartuko ditu Kulturguneko auditorioak.

Helduentzako ikuskizunak, ordea, bereziak izango dira. Izan ere, emanaldien ostean, artistekin solasaldi bat izateko aukera izango da. Laura Landa Kultura teknikariak adierazi duenez, hori da, hain zuen, “Atarian” ekimen berriaren funtsa: “une berezi bat eskaini nahi diogu publikoari. Dantza eta antzerki konpainietako kideekin esperientziak partekatzeko eta iritziak elkartrukatzeko aukera eman nahi dugu, ardo kopa batekin lagunduta. Obra baten atzean zer dagoen eta sorkuntza prozesua barru-barrutik ezagutzeko parada izango dute bertaratzen direnek”.

Niessengo atarian izango da hori eta Ainara Gurrutxaga Dejabu Panpin Laborategiko kideak gidatuko ditu saioak.

“Atarian” igandean estreinatuko da, hilak 22, Il Maquinario Teatro Galiziako konpainiaren “Perplejo” ikuskizunarekin. 19:00etan hasiko da ikuskizuna.