‘Emeek emana’ erakusketa zabaldu dute Merkatuzarren

Giza Eskubideak | Kultura 2017-10-27 | 0

Errenteria 1936-1945, Gerra Zibila eta memoria historikoa ekimenaren baitan kokatutako erakusketa zabaldu dute gaur arratsaldean Merkatuzarren, Jose Luis Caso aretoan.
Emeek emana erakusketa, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen proiektua da, Mauro Saraviaren argazkiekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Azaroaren 11ra arte zabalik egongo da, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00era
Protagonisten argazki eta testigantzetan oinarrituta dagoen kontakizunen bilduma da erakusketa. Bertan azaltzen dira, besteak beste, bataila eremuaren, erbestearen, torturaren, espetxearen, errepresioaren eta bizi iraupenerako estrategien inguruko narrazio eta bizipenak, eta, baita ere, emakumezkoaren ikuspegitik, beti ere, antolatutako egitura sozialerako planteamendu, borroka eta aktibismoa. Hau da, 1936tik aurrera ematen den testuinguru historikoan, emakumeek izan duten zeregin aktibo eta erabakigarria jasotzen du erakusketak.
Emakume anitzak dira, joera politiko desberdinak dituztenak, hainbat eremutan ibilitakoak eta Euskal Herriko zenbait tokitan jaioak argazki erakusketa osatzen dutenak. Ikuspegi ezberdin bat eskaini nahi dute antolatzaileek, non, errealitatea lubakietako borrokatik haratago doan. Euskal emakumeen memoria, historia eta haien sormen eta berritze gaitasunaz dihardu, sekula kontatu ez den eta berreskuratu beharra dagoen historian barrena ibilbide bat eginez.
Bisita gidatuak
Urriaren 31an eta azaroaren 2an bisita gidatuak antolatu dituzte erakusketara, arratsaldeko 19:00tan. Lehena euskaraz eta bigarrena gazteleraz. Honez gain, azaroaren 8an “Emakumeen esperientzia kolektiboa eta historikoa berreskuratzen” izenburupean Julia Monge eta Zuriñe Rodriguezek eskainitako hitzaldia izango da erakusketan bertan.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna