Hondakinak jasotzeko sistema berriaren txartelak bidaltzen hasi da udala

Txartel-giltza berriak edukiontzi grisa eta marroia ireki ahal izango ditu; izan ere, hauek itxi egingo baitira azaroaren 13tik aurrera. Pasa den astean kanpainako hezitzaileek bukatu zituzten udalak aurreikusitako 12.000 etxebizitzetarako bisitak. Bisita horien helburua zen hondakinak jasotzeko sistema berriaren berri ematea eta, bide batez, birziklatzeko gida, ontzia eta poltsak doan banatu dituzte begiraleek.

Kontsentsu bidez erdietsia eta aho batez onartua izan zen sistema berri honen ezarpen prozesuak aurrera darrai, beraz, eta orain fase berri batean sartuko da. Oraingoan etxe guztietara edukiontzi grisa zein marroia irekiko dituen txartel bakarra banatuko da postaz.

Txartel berria sistema berri batentzat

Txartel berri honekin azaroaren 13tik aurrera itxita egongo diren edukiontzi gris zein marroia ireki ahal izango dira. Edukiontzi hauek txartel honi esker eguneko 24 orduetan ireki ahal izango dira.

Edukiontziak 24 ordutan ireki ahal izatearen helburua birziklapena eta oinarrian sailkatzeko ariketa errenteriar bakoitzaren ordutegietara erabat moldatzea da. Udalak nahi du jatorrizko bereizketa ahalik eta erosoen izatea.  

Bestalde, sistema berriaren arduradunek jakinarazi nahi izan dute txartel zaharra baliogabetua geratuko dela eta nahi duenak bota ahal izango duela.

Etxola EKOaktiboa, Herriko Plazan

Azkenik, Udaletik dei egin dute birziklatzeko eta banatzeko kuboa eta poltsak ez dituzten bizilagun guztiak Herriko Plazan dagoen etxolatik pasa daitezen elementu hauen bila. Era berean bertako langileek sistema berriaren inguru izan ditzaketen zalantzak argituko dizkiete.

INFORMAZIO BULEGOKO JENDEAURREKO ORDUTEGIA
Astelehenetik ostiralera: 8:00 – 13:30 / 17:00 – 19:00
Larunbatak: 10:00 – 13:00
943 449 666