Ate joka dator XXII. Errenteria Film Laburren Jaialdia

Errenteria Film Laburren Jaialdiak azaroaren 16tik 19ra ospatuko du, aurten, bere 22. edizioa. Ion Collar Kultura zinegotziak eta Laura Landa Kultura teknikariak eman dituzte prentsa aurrean xehetasun guztiak.

Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituzte jaialdira: guztira 855.

Iaz gorakada nabarmena izan zuen jaialdiak, iritsitako lan kopuruari dagokionean, eta hori, lanak jasotzeko moduarekin lotu zuten antolatzaileek, izan ere, lehendabizikoz, filmak plataforma digital baten bidez aurkeztu behar izan zituzten egileek.

Aurtengoan, jauzi berria egin dute eta Clickforfestivals-i Festhome plataforma ere gehitu diote. Hala, iazko kopurua ia hirukoiztera iritsi dira (310 film izan ziren jasotakoak).

Horietatik 37 dira lehiaketa fasera iritsi direnak eta jokoan dauden 10 sarietako bat eskuratzeko aukera izango dutenak, beraz.

Hauek, eta Atlantikaldiaren baitan antolatutako “3, 2, 1… Atlantikaldian grabatzen” bideo espres lehiaketara aurkeztutako lanak ere, hilaren 16, 17 eta 18an proiektatuko dituzte Niessen zinemetan, 19:30ean.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, Niessen Kulturguneko auditorioan izango da, igandean, hilak 19, 18:00etan. Irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta ondoren, luncha izango da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertan, film onenak saritzeaz gain, berezia den beste aipamen bat ere egingo dute: Jose Luis Rebordinosek, ibilbide profesionalari ohorezko saria jasoko du.

Saritutako lanak hautatzeko epaimahakideak ondorengoak dira: Ion Collar Kultura zinegotzia, Laura Landa Kultura teknikaria, Aizpea Goenaga aktorea, Leire Apellaniz zinemagilea eta Ion Ruiz zinemazale errenteriarra.
Proiekzioetarako sarrera eta baita sari banaketarakoa ere doakoa da eta hiritar guztiei irekia.

Bestalde, azaldu dute, txikienei zuzendutako Txikifilm zine zikloa ere antolatu dutela aurten lehendabizikoz, Zinetxiki jaialdiaren kolaborazioarekin. Larunbatean eta igandean izango dira saioak, 12:00etan, Niessen Kulturgunean.

Hilaren 18koa 3 urtetik gorako haurrei zuzenduko zaie eta hilaren 19koa 6 urtetik gorakoei.
Horrez gain, eta jaialdiaren markoan, EMKEko bandak kontzertu berezia eskainiko du zinema ardatz hartuta: Stanley Kubrick zuzendariaren filmetan zehar musika bidaia proposatuko dute, azaroaren 18an, 22:30ean, Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan.

Jaialdiaren irudia
Collarrek eta Landak jaialdiaren irudia aurkezteko ere baliatu dute momentua.

Kartela Idoia Hernandez errenteriarraren proposamena da. Izan ere, proposamen hori izan baita Film Laburren Jaialdiko II. Kartel Lehiaketan irabazle suertatu dena.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdiari emandako babesagatik. Niessen Zinemei eta baita gaionontzeko kolaboratzaileei ere.

Bide batez, herritar guztiak gonbidatu dituzte 4 egun horietan zinemaz gozatzera.