‘Ongi etorri Errenteriara’ saio irekiak egingo dituzte asteazkenean, herrira iritsi berrientzat

2016ko ‘Ongi etorri Errenteriara’ saio bat.

Datorren asteazkenean azaroaren 15ean, Udalbatza-aretoan bi harrera saio eskainiko dira, bata, arratsaldeko 19:00etan izango da eta, bestea, 19:30ean, herrira bizitzera iritsi berri direnei ongi etorria eman eta informazioa eskaintzeko. Saio biek informazio bera eskainiko dute, baina kopurua dela eta 30 minutuko saio bi eskainiko dira. Hain zuzen ere, herriko baliabideen inguruko informazioa eskainiko da, bai udalak eta bai eragileek eskaintzen dituztenei buruzkoa. Saioan bertan, sei hizkuntzatan, Udalak argiratua duen baliabide-gida bana emango zaie bertaratuei. Berrikuntza gisa, herria hurbiletik ezagutzeko lau baliabide edota ekintza probatzeko aukera eskainiko zaie: batetik, ludoteka eta gaztelekuak ezagutzekoa; bestetik, euskarara hurbiltzeko saioa; herria ezagutzeko ibilbide gidatua egiteko gonbitea ere luzatuko zaie; eta, azkenik, kulturarteko emakumeen taldean parte hartzeko proposamena eskainiko diete.

Bertan Errenteriako Udaleko alkatea den Julen Mendoza eta saioa antolatu duen kultur aniztasuneko, garapeneko lankidetza eta giza eskubideen azpiataleko ordezkariek parte hartuko dute. Saioak irauten duen bitartean haurren zaintza zerbitzua eskainiko da, baita itzulpen zerbitzua ere behar duenarentzat. Udaletxeko sarreran herriko hainbat eragilek eta departamentuk euren ekintzen eta zerbitzuen berri emango dute .

Aurten, urtean zehar guztira 1.000 pertsona erroldatu dire, eta guztiei gutuna bidali zaie saiora etortzeko gonbita eginez. Halere, udalerriko 4 gunetan informazio panelak jarri dituzte, izan ere, informazio beharra sentitzen duen edonor ongi etorria izango da saiora. Astezkenekoarekin, udalak laugarren aldiz antolatuko ditu saio horiek.