Elkarbizitzarako herri-aliantza sortzeko diagnostiko-fasearen itzulera ekitaldia egingo dute larunbatean

Kultur aniztasuna | Solidarioa 2017-12-12 | 0

Aniztasuna lantzeko erronkak identifikatu dituzte alor ezberdinetako 50 eragile baino gehiagok eta hainbat herritarrek. Diagnostiko-fasearen emaitzak sozializatu eta aurrera begirako urratsak ezagutaraziko dituzte, besteak beste, larunbateko ekitaldian.

Elkarbizitza herri-kohesiorako ezinbesteko elementua izanik, horren aldeko adostasun zabala lortzeko, parte hartzeko dinamika bat jarri zuen abian Udalak azaroaren hasieran; hain zuzen ere, egungo Errenteriaren aniztasuna aitortzeko eta balio positibo gisa sustatzeko. Horretarako, diagnostikoa osatzeko hausnarketa dinamikak egin dira, besteak beste, aurrera begirako erronkak ikusteko. Dinamika horietan hainbat arlotako eragileek hartu dute parte, baita gaian interesa duten herritarrek ere.
Abenduaren 16an, larunbatarekin, lehen fasearen ondorioak gizarteratuko dituzte eta festa-giroan emango diote amaiera diagnostiko-faseari, 11:00etatik 13:00etara. Reina Aretoan izango da, eta bertan, lehenengo fase honetan identifikatu diren erronka guztien laburpena egingo dute Virginia Imaz pailazoak eta Axpi marrazkilariak. Jarraian, proiektuaren hurrengo urratsen berri emango dute; eta ondoren, Esmalteria plazan hainbat txoko izango dira: munduko jolasen txokoa, Kromosomaren eskutik; Atxikimenduetarako txokoa, Bernardo Atxagaren testuan oinarrituta; eta ekarpenetarako txokoa,diagnostiko faseko emaitzei ekarpenak egiteko; etab.
Ekitaldia irekia izango da; eta hortaz, lehen fasean parte hartu duten eragileak eta herritarrak ez ezik, gainerakoei ere gonbita luzatu diete udaletik. Aurrera begira ere, ezinbestekoa izango delako elkarbizitza-ehuna alor, izaera eta jatorri desberdinetakoen artean eratzea, udalerriaren batasuna eta indarra handiagoak izateko.

No comments yet.

Utzi erantzuna