Zumba maratoi solidarioa egingo dute Juneren Hegoak ekimenaren alde

Abenduaren 23an, larunbata, Galtzarabordako Udal Kiroldegiko pistan zumba maratoi solidarioa egingo dute Juneren Hegoak ekimenaren alde. Maratoia Errenteriako udaleko Kiroletako azpisailak eta Serviocio-BeOne Galtzarabordako eta Fanderiako kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak antolatu dute batera, Juneren Hegoak elkartearekin elkarlanean.
Jardueran parte hartzen duten helduek parte-hartzailearen motxila jasoko dute. Bertan Super Amarak, EMKTk (Errenteriako Merkatua) eta Nutrisportek emandako produktuak izango dituzte.
Maratoia egiten den bitartean, nahi duten haurrek, haurrentzako prestatu den gunean jolastu ahal izango dute. Maratoian parte hartzen dutenek seme-alabak gune horretako arduradunen zaintzapean utzi ahal izango dituzte. Juneren Hegoak ekimeneko boluntarioek espazioa dinamizatuko dute.
Jasotzen den dirua Juneren Hegoak elkarteari helaraziko zaio.

Eguna eta ordua
• Abenduak 23
• 10:00-10:45 haurrentzako saioa
• 10:45-12:15 helduentzako saioa

Dohaintzak
• Haurrak: 3 €
• Helduak: 10 €

Izen-emateak
Izen-emateak Galtzarabordako eta Fanderiako udal kirol instalazioetan egin daitezke. Argibide gehiago 943 44 96 90 (Galtzaraborda) eta 943 33 44 23 (Fanderia) telefono zenbakietan.

Jon Txasko zinegotziak, Joseba Pikabea kiroldegiko jardueren antolatzaileak eta Maite Gartzia Juneren Hegoak elkarteko ordezkariak aurkeztu dute ekimena. Pikabeak maratoiaren xehetasunak eman ditu. Maite Gartziak esker ona adierazi die ekintzaren antolatzaileei, jasotako dirua elkarterako izango baita, eta diru horrekin gaixorik dauden haurrei eta senideei  familia laguntza emateko aukera gehiago izango dutela adierazi du. Azkenik, Kiroletako zinegotziak elkarteak egiten duen lana eskertu du, eta haien helburuekin bete-betean bat egiten dutela adierazi du. Herritarrei dei egin die ekimenean parte hartzeko.