Morrongilleta kalea urbanizatu, eta Morrongilletan, Tullen eta Maria de Lezon bidegorria margotuko dute

Hiriko mugikortasuna errazte aldera, eta bizimodu erosoagoa egiteko helburuarekin, aurki gauzatuko diren bi ekimenen berri eman du Udalak. Batetik, Morrongilleta kalea urbanizatuko dute, eta bestetik, Morrongilleta, Tulle eta Maria de Lezo kaleetan bidegorria margotuko dute.

Hiriko bizimodua erosoago eta iraunkorragoa egiten duen ereduaren aldeko apustua egina duela gogorarazi du udalak. Helburu horrekin, Morrongilleta kalearen hasieran egingo dute jarduketa, 2-6 atarien tartean, Biteri kalearen urbanizazioari jarraipena emanez, irisgarritasuna hobetzearren; horrela, kaleko lurzorua maila berean jarriz oztopo arkitektonikoak kentzeko urrats bat gehiago emango dute, mugitzea erosoagoa eta errazagoa izan dadin. Bide ordenamendu berria eratu dute, Bidasoa kaletik datozen bizikletak Biteri kalera sartzeko bidegorri bat jartzeko asmoz; bide batez, saneamendua hobetzeko lanak egingo dituzte.

Bestetik, Errenteriako oinezko eta bizikleta bidezko Mugikortasun Planak jasotzen duen moduan, Morrongilleta, Tulle eta Maria de Lezo kaleetan bidegorria margotuko dute. Hau da, orain arteko ibilbide sareari koherentzia emateko beharra ikusita, oinezko eta bizikletentzako planak adierazita bezala, biztanle askoko bi eremuren lotura ahalbidetuko dute; plan osoaren zati den horren bidez, mugikortasun iraunkorrerako tresna den bizikletaren esparrua eguneratu eta segurtasuna handituko dute.

Azken urteotan, udal bidegorri sarearen erabileraren gaineko ebaluazioan jasotako datuen arabera, bizikletaren erabilera areagotu da, bidegorri sarearen garapenarekin batera; datu deigarria da astelehenetik ostiralera lan edo ikastetxetako ordutegian txirrindulari kopuru handia dagoela, datu horrek bizikletaren garrantzia azpimarratzen du, eguneroko garraiobide gisa, aisialdi edota atsedenerako erabileraz harago.

Udalak jakinarazi duenez, azken finean, hiria seguruago, atseginago eta osasungarriagoa izatea da jarduketen helburua, oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko ikerlanak zein auzoetako irisgarritasun planak barne hartzen dituzten helburuak, alegia. Izan ere, jarduketa horiek, berriki martxan jarri den Alabergako igogailuarekin eta hasita dagoen Galtzarabordako igogailuaren proiektuarekin batera (parkea eta anbulatorioa lotuko dituena), herriaren komunikazio sare iraunkorrago eta irisgarriagoaren aldeko apustuaren zati dira.