Erdi Aroko burukoak ikusgai Jantziaren Zentroan Iraultza dantza taldearen eskutik

Erdi Aroko burukoen erakusketa. Argazkia: Iraultza dantza taldea

Otsailaren 25a bitarte Jantziaren Zentroan XVI. mendeko emakumeek erabiltzen zituzten zorongo edo burukoen erakusketa dago ikusgai. Iraultza dantza taldearen eskutik, guztira 16 buruko daude ikusgai, guztiak Euskal Herriko emakumeek Erdi Aroan erabiltzen zituztenak. Erakusketa Kapitain etxeko sarrerako solairuan dago,  eta doan ikus daiteke.

Aretoaren alde batean lau jantzi oso daude: Errenteria, Donostia, Orreaga eta Bizkaiko XVI. mendeko lau emakumeren jantziak. Gainerako hamabiak buru banatan jarri dituzte ikusgai, beste aldean: Bizkaiko zortzi buruko, Donibane Lohitzuneko bi, eta Getaria eta Mutrikuko bana.

Alboan jantzi zuri bat, erdibanatatuta, alde batean jantzia kanpotik nolakoa den ikus daiteke, eta beste aldean, barruko aldea. Modu honetan, zorongo horiek nola egiten zituzten ikus daiteke. Zumitzarekin forma osatzen zuten, eta ondoren oihalez estaltzen zuten.

Iraultza dantza taldeak erakusketa honetarako propio zazpi buruko berri sortu ditu. Horiek guztiak egiteko informazioa, dokumentazioa, Parisko Operaren artxibategian topatu dute. Leku horretan gordetzen baitira Christoph Weiditz (1498, Estrasburgo-1559, Friburgo Breisgau) marrazkilari eta eskulturgile alemaniarrak egindako grabatuak. 1528 eta 1529an Españan bizi izan zen, eta Iberiar penintsulako biztanleen janzkera marraztu zuen artistak. Grabatu horietako batzuk Euskal Herriko emakumeen buruko eta jantziak islatzen dituzte.

XVI. mendeko emakumeek inguruan ikusten zituzten irudi edo formak kopiatzen zituzten euren burukoak egiterakoan, baina eliza katolikoarentzat eskandalagarriak ziren, “falikoegiak”.  Garai horretako dokumentu eta idatzi historikoetan aipatzen denez, eliza katolikoak Lapurdiko emakumeei horrelakoak janztea debekatu zien, araua betetzen ez zutenen senar edo aitek isuna ordaindu behar zuten. Inkisizioaren garaian, Pierre de Lancre inkisidoreak debekatu egin zituen, eta bere idatzietan sorginkeriarekin lotu zituen horrelako burukoak.

Jantziaren Zentroaren erakusketan jantzi eta burukoez gain, pantaila batean XVI.  mendeko euskal emakumeen jantzien 100 grabatutik gora ikusteko aukera izango da datozen asteetan.

Erakusketa zabalik egongo da larunbat goizetan 11:00tik 14:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara;  igandetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.