San Marko gotorlekua otsailaren 23an zabalduko dute

Argazkia: Oarsoaldea Garapen Agentzia

Errenteriako San Marko gotorlekuko museoak eta informazio puntuak aurten otsailaren 23an zabalduko ditu bere ateak, bertaratzen diren bisitariei goi denboraldi osoan zehar harrera egiteko. Honela, San Marko gotorlekura hurbiltzen diren bisitariek, gotorlekua bera eta begiratokiak eskaintzen dituen ikuspegiez gozatzeaz gain, inguruak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioa jaso dezakete. Aste Santua arte ostiraletik igandera egongo da zabalik gotorlekua, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da; eta Aste Santutik aurrera, berriz, asteazkenetik igandera, ordutegi berean.

Aipatutako ordutegi horren barruan museoa bisitatzeko aukera egongo da, horretarako bi aukera eskainiz: modu librean (doan) edo bisita gidatuan (2-3€ artean). Poternatik du sarbidea museoak, eta bertan artilleria-bateria ezkutuak, hauek elkar lotzen dituzten tunelak, eta baita gotorlekua inguratzen duen lubanarroa defendatzeko kaponerak ikus daitezke.

Errenteriako hirigune historikotik kilometro gutxira kokatzen da San Marko gotorlekua (XIX. Mendea), Bizarain mendiaren gailurrean, Lau Haizeta Parkearen bihotzean naturaz guztiz inguratuta eta ikuspegi zoragarriekin. Bai bere barnean bai eta gotorlekuaren inguruan ere karlistaden garaira garamatzaten oroigarri militarrak, antzinako ameztiak, anfibioentzako urmaelak eta Txoritokietako estazio megalitikoa ere topatu daitezke. Elementu hauek paisaia kultural eta natural paregabea osatzen dute San Markon.

Ikuspegia koloreztatzen duten Pasaiako, Kontxako eta Txingudiko badiak ikus daitezke goiko aldean dagoen begiratokitik. Aiako Harria Parke Naturalak, Ulia eta Jaizkibel mendiek (hiruak Natura 2000 sarean babestutako esparruak) eta begiratokia inguratzen duten gainerako mendiek eratzen duten landa paisaiak, lasaitasuna topatzen lagunduko diote bisitariari toki honetan. Gotorlekuaren kanpoaldean dagoen aisialdirako guneak, haur-jokoen eremuak eta mahaiek, familian edo eta lagun giroan inguruaz gozatzeko beste aukera bat eskaintzen dute.

San Markoko informazio puntutik 3.000 bisitari baino gehiago pasatzen dira urtero Aste Santua eta urria bitartean. Informazio gehiago eta bisita gidatuetarako erreserbak:

San Marko Gotorlekuko Informazio Puntua
943 449 638
turismo@errenteria.eus

Errenteriako Turismo Bulegoa
943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus

www.oarsoaldeaturismoa.eus