Musika eta herriko historia bateratuko ditu Herriko Musika Bandaren proposamen bereziak San Inazioko kontzertuan

Kultura 2018-07-27 | 0

Herriko Musika Bandak proposamen berezia eskainiko digu uztailaren 31n, gaueko 22:30ean, San Inazio kontzertua medio. Xenpelarren bertso “Errenterian bizi naiz eta egin zaidazu bisita” ezagunetik abiatuta, Herriko Enparantzan kokatutako pantaila erraldoian garai bateko gure herria, gure biztanleak nolakoak ziren ikusi ahal izango dugu, argazki bilduma zoragarriaren bitartez.

Esan bezala, Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) antolatuta euskal konpositoreen musika eta gure herriko historia uztartuko dituen proposamena eskainiko dute. Udal Artxibotik eta beste hainbat lekutatik jasotako argazkiak bildu ditu Iñaki Erkiziak erakusketa interesgarria osatzeko.

EMKEko iturriek adierazi dutenez, ikusi ahal izango diren argazki batzuk ezagunak dira, baina beste batzuk aldiz ez dira hain ezagun guztiontzat. Beraz, aukera ezin hobea musikaz eta gure herriko historiaren adierazgarri diren argazkiez gozatzeko.

Kontzertuaren egitarauari dagokionez, euskal konpositoreen musika izango da nagusi, besteak beste, Guridi, Beobide edota Torre-Muzkiz kondearen doinuak, Carlos Rodriguez Albisturren gidaritzapean.

Proposamen aparta datorren uztailak 31, asteartea, gaueko 22:30ean Herriko plazan. Eguraldia lagun ez bada, kontzertua Koldo Mitxelena Ikastetxera bideratuko dute.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna