Errenteriako Udalak gizarte zerbitzuei buruzko jardunaldi batzuetan parte hartuko du Estatuko beste 25 udalekin batera

Urriaren 4 eta 5ean gizarte zerbitzuei buruzko jardunaldi batzuk egongo dira Alcazar de San Juanen (Ciudad Real). Bertan 2017an “bikain” kalifikazioa lortu zuten Estatuko 26 udalek parte hartuko dute, urtero Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteak ezartzen duen Gizarte Zerbitzuen Garapen Indizearen (DEC) arabera. Topaketan Nagore Basurto egongo da, Errenteriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia.

Topaketak 26 udal horien identifikazioa du abiapuntu haien gizarte erantzukizuna dela-eta. Bertan erronkak, erabakiak, ardurak… partekatuko dituzte horien inguruan eztabaidatzeko foro eta toki aproposean, eta horrek eskaintzen diren zerbitzuen hobekuntzan eragina izango du zalantzarik gabe.

Topaketan honako udal hauetako ordezkaritza egongo da, besteak beste: Madril, Zaragoza, Balentzia, Iruñea, Lagroño, Kordoba, San Fernando de Henares, Errenteria… edo Alcazar de San Juan bera.

Jardunaldi horietan parte hartzea da jardueren erdigunean herritarra jartzeko Udalaren apustuaren berrespena eta aitorpena aldi berean. Udalak adierazi du oso kontziente dela ezin dela kalitatezko herri-proiektu bat egin ez bada gizarte justiziarengatik eta kohesiorengatik apustu egiten. Zentzu horretan, herrian okerren pasatzen dutenetan inbertitzea, herriaren osotasunean inbertitzea da. Denontzako Errenteria hobe bat egitea. Printzipio hori Errenteria 2025 Plan Estrategikoan jaso zen, eta lehen erronka gisa ezarri zen hiri solidarioa, aktiboa, kohesionatutakoa eta integratzailea lortzea.