Mukuru musika kolektiboak jai bat antolatu du larunbaterako bere burua aurkezteko

Mukuru kolektiboak bere aurkezpen jaia ospatuko du Errenterian datorren urriak 13an, larunbatean.

Mukuru Euskal herrialdeetako hainbat herritako talde eta bakarlariek osatu duten kolektiboa da. Oinarrian elkarrekiko konplizidade eta miresmenak elkartzen ditu. Helburua esperientziak konpartitzea, elkar elikatu eta elkarrengandik ikastea dira. Norberaren musika sortu, grabatu edo zabaltzeko prozesuan egon daitezkeen aukerak hobe ezagutu eta gauzatzeko.

Musika bizitzeko era bat konpartitzen duen kolektiboa izaki honaino ekarri dituzten zalantza, desio eta ziurtasun urriak konpartituz gizartaratzeko unea iritsi zaiela adierazi dute. Horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute.

Goizez mahai inguru bat antolatu dute, 11:00tan Mikelazulo Kultur Elkartearen egoitzan, “Musika, zergatik kolektiboki kolektiboan” izenburupean. Parte hartuko dute musikaren munduan modu batera edo bestera era kolektiboan lan egiten duten hainbat ekimenetako partaideak. Amankomunean gauzak badituzte ere esperientzia ezberdinak dira eta haiek ezagutu eta kontrastatzeko aukera egongo da.

Bertan izango dira Bidehuts, Taupaka, Erraia eta Musikazuzeneaneko kideak.

Bazkalostean Mukuru osatzen duten talde eta bakarlariak zuzenean ezagutzeko aukera egongo da.

Arratsaldez Mikelazulon bertan 18:00etatik aurrera bakarlari eta kontzertu akustikoekin hasiko dira.

Haien kantu sorta erakutsiko dute honako hauek: Isuo eta Kezman, Nigara zuek, Peru Galbete, Hatxe, Paxkal Irigoyen, Iturria eta Seitan.

Afalostean berriz Niessen Kulturgunera joango dira. 22:30etik aurrera han izango dira Txost, Klak!son eta Muskulo.