Prentsa-ohar bateratua: azaroaren 10a, Memoriaren Eguna, Errenteria 2018

Udal komunikabidea 2018-11-09 | 0

Hiru urte pasa dira Errenteriako Udalak 2015ean “MEMORIA PARTEKATU BATERANTZ, Errenterian 1956tik 2012ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria-ekintzei buruzko txostena” aurkeztu zuenetik. Dokumentu hori egiteko eta aurkezteko Udaleko indar politiko guztien lankidetza eta adostasuna izan zen. Hori izan da herrian memoriaren eraikuntzan eta bizikidetzan aurrera egiteko oinarri hartu dugun abiapuntu komuna, eta, aldi berean, Gipuzkoako beste hainbat udalerritan egindako beste hainbat lan sustatzeko ere balio izan du.

Azken urteetan, Errenteriako Udalak jarraitu du elkarbizitza eraikitzeko urratsak egiten, enpatian, errespetuan, zaintzan eta adostasunean oinarritutako prozesu baten bidez. Etengabeko lan diskretuari esker, Udalean ordezkatuta gauden indar politiko guztiok gai izan gara giza eskubideen urraketa larrien biktimei aintzatespen instituzionaleko ekitaldiak egiteko.

Helburu nagusia izan bada ere biktimei eta senitartekoei erreparazioa lortzen laguntzea beren aldamenean egonda eta jasandako sufrimendua aintzatetsita, bizitako prozesua ikaskuntza izan da guretzat ere. Errespetuz begiratu behar izan diogu zenbaitetan besterena gisa bizitutako minari. Entzutea eta entzundakoak hunki gaitzan utzi dugu. Erdigunean jarri dugu pertsonaren zaintza. Azken batean, koherentzia etiko berarekin heldu diogu jasandako sufrimenduari, eta berretsi dugu gertatutako guztiak ez zuela inoiz gertatu behar.

Horrek guztiak aukera eman digu Udalak etorkizunean memoriaren arloan burutuko dituen politiketarako ezinbesteko elementuak identifikatzeko, eta politika horiexek aukera emango digute herriko biktima guztiak aintzatesteko eta jasandako sufrimenduari aurre egiterakoan aldamenean izan gaitzaten.

Memoriaren bidean, Udala denez herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, bere ardura da bere esku dagoena egitea, alegia, gertatutakoaren egia bilatzea ahalik eta zorrotzen eta zabalen, bai eta jasandako sufrimendua erreparatzen laguntzea ere. Horregatik, egun Errenteriako Udalean ordezkatuta gauden indar politiko guztiok bat egiten dugu Memoria partekatu baterantz aurrera egiteko konpromisoarekin, 2015ean aurkeztu zen lan bukatu gabea zabalduta, biktima guztiei benetako aintzatespena eginda eta memoria jarrita bizikidetza eraikitzeko prozesuaren erdigunean. Ezagutzea da ez ahazteko modurik onena, hortik abiatuta berriz ez egiteko iraganeko akatsak berak. Prozesu honek hainbaten lankidetza behar du, besteak beste, ordezkari politiko, gizarte eragile eta herritarrena.

Bihar, azaroak 10, Memoriaren Eguna da, gertatutako guztiaren dimentsioa gogora ekarri eta biktima guztien aintzatespena egiteko eguna. Gure herriaren iragana, oraina eta etorkizuna ikusteko ispilua. Ikusteko non ginen, non gauden eta nora iritsi nahi dugun. Gertatutakotik ikasteko eta elkarrekin giza eskubideen eta pertsona guztien duintasuna errespetatzen duen etorkizunaren alde lan egiteko konpromisoa berresteko nahia partekatzeko eguna.

No comments yet.

Utzi erantzuna