Inauguratu dute Agustinak Zentroa, kultur eta sormen industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea

Martxan da Agustinak Zentroa. Gaur, ekainaren 19an, Zentroaren inaugurazio ekitaldia egin dute erakundeetako ordezkariek eta kultur zein sormen industrietako eragileek. Oarsoaldean kultur eta sormen-industrietako proiektuak sustatzeko gune berria ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Kultura-eta sormen industriari lotutako pertsonak, eragileak, erakundeak, elkarteak, heziketa zentroak, profesionalak, enpresak eta hedabideak izan dira bertan, zentroak dinamizatu nahi duen ekosistema osoaren erakusle.

Idoia Lizeaga bitxigile artisau eta lore-maisuak eman dio hasiera ekitaldiari. Sortzaile gisa, afizioa ofizio bihurtzeko egin duen ibilbidea azalduz eta bide horretan Agustinak gisako Zentro baten laguntzak eskaintzen duen babesa azpimarratuz.

Jarraian, Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak hartu du hitza. Agustinak Zentroa ekosistema zabalago baten parte dela adierazi du, kulturarekin eta sormenarekin Errenteriak eta Oarsoaldeak duten konpromisoaren adierazgarri, eraldaketarako eta garapenerako ekonomikorako motore gisa. Zentzu horretan Agustinak Zentroa mugarria izango dela adierazi du, sortzaileentzako tresna eta baliabide erabilgarriak eskainiz, eremu sozioekonomikoan sektorearen lehiakortasuna eta ahalduntzea ekarriko dituelarik.

Esti Susperregi Zentroaren zuzendariak azaldu ditu proiektuaren xehetasunak jarraian. Agustinak Zentroa kultur eta sormen-industrietako proiektuak sortzeko, hazteko eta saretzeko gune ireki eta dinamikoa dela adierazi du. Gipuzkoarentzako erreferentziazko diziplina anitzeko elkarlan ekosistema, sektoreko ekintzaileentzako eta enpresentzako tresna eta baliabide erabilgarriak eskaintzen dituena. Pertsonak eta enpresak orientatzeko informazio-zerbitzua, ekintzailetza negozio-ideia berriak garatzeko Inkubazio Programa eta lehen urratsak azkartzeko-programa, besteak beste.

Dagoeneko Zentroan lanean dabiltzan ekintzaile eta elkarte ezberdinetako ordezkariek hartu dute hitza jarraian, euren jardunean Agustinak Zentroak eskaini dien babesa eta hazteko aukera azpimarratuz. Dantzaz elkarteak, EIDE Euskal Diseinuaren elkarteak, Anne Gago moda diseinatzaileak, Maite Anton Txatxala markaren osagarrien sortzaileak, Rubén Pantiga Kibo Moda Consciente proiektukoak eta Ninbo Interactivekoak.

Erakundeen ordezkaritza honakoa izan da; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Mikel Arruti, Lezoko alkatea; Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea; eta Teo Alberro, Pasaiako Alkatea. Spri taldeko ordezkariak ere bertan izan dira. Izan ere, udal baliabideez gain, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programaren laguntza ere izan du proiektuak. Horrez gain, kultura sailetik milioi bat euroko laguntza bideratu da eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziatik 700.000 euro. Oarsoaldea Garapen Agentzia arduratuko da proiektuaren kudeaketaz.

Argazki-galeria