Madalenak 2024: Jai Batzordearen mezua

Jai Batzordeak ondorengo mezua zabaldu nahi izan die herritarrei aurtengo Madalenei begira:

Ate joka ditugu 2024ko Madalenak, eta ohi bezala, herriko jaiak festa giroan gozatzeko aukera izango dugu uztailaren 21aren aurreko egunetan hasi, eta uztailaren 25a bitarte. Oso gogotsu gaude!

Aurten ere, Jai Batzordeko kideok ilusio handiarekin aritu gara lanean denon gozamenerako izango diren ekintza anitzez beteriko egitaraua sortzeko; jaiak herritik eta herriarentzat izaten jarraitzea baita gure ardatz nagusia.

Egitarau zabala dugu oraingo honetan ere, ahaleginak batuz elkarlanean jardutearen emaitza argia; herritarron eta jai batzordeko kideon identitate pluralaren isla dena; eta, era berean, komunitate sendo eta bateratu baten izaerari erantzuten diona. 130 ekintzatik gora antolatu ditugu: erakusketak, antzerkia, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak… Horietatik guztietatik 65 inguru izango dira musika emanaldiak, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta. Adibidez, ondorengo taldeak izango ditugu Zumardiko eszenatoki nagusian: 21ean 01:00etan Delirium Tremens, 22an 01:00etan Leize, 23an 00:00etan Oihan Vega eta 24an 00:30ean La Perra Blanco.

Gainera, txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango ditugu: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa, Zumardiko pantaila erraldoia, eta nola ez, txupinazoaren jaurtiketa zuzenean. Uztailaren 21a, 19:00etan, Herriko plaza adin guztietako lagunen topagune izatea lortuko dugu! Era berean, etxetik edo munduko beste edozein lekutik txupinazoren jaurtiketa streaming bidez ikusteko aukera izango da Herri Bizia webgunean. Hala, denek izango dugu aukera, gauden lekuan gaudela, guretzat horren berezia den momentuaz gozatzeko. Eta ezin ahaztu noski, momentu garrantzitsu honen aurretik, elkarlanaren lehenengo topagunea den ‘Herri Bazkaria’ egingo dela 14:00etan Herriko plazan.

Halaber, jakinarazi nahi dugu Madalenetako zapiak salgai jarriko direla gaurtik aurrera, 6 eurotan, ondorengo lekuetan:

  • Erdialdea: Hostoak, Mª Asun Lentzeria, Paris Mertzeria, Rosmy
  • Lartzabal: Lartzabal Taberna
  • Gabierrota: Zubia Kafetegia
  • Fanderia: Fanderia Gozo-denda
  • Agustinak: Uriña
  • Kaputxinoak: Geza eta Gazia Gozo-denda, Sorgintxulo Estankoa
  • Beraun: Koro Oinetakoak
  • Pontika: Eder Gozo-denda
  • Galtzaraborda: Parke gozo-denda
  • Iztieta: Almacenes Iztieta, Casamayor
  • Olibet: Lekuona Fabrikako Kantina

Amaitzeko, Jai Batzordearen apustua da jaiak guztion gozamenerako izatea, eta jaiez libre gozatu ahal izatea; ez garelako ausartak izan behar libreak baizik. Horregatik, erasorik gabeko Madalenak helburu duten neurriekin bat egiten dugu.

Guk, Madalenak prestatzen gozatu dugun adina gozatuko dugu festak bizitzen, eta herritarrek ere hala egitea gustatuko litzaiguke. Beraz, ez ahaztu etxean lepoko zapi gorri-urdina eta atera kalera gozatzera, jaiak marraztuz, haietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz!