Pirinioetara irteera antolatu du Urdaburuk hurrengo asteburuan

Zeharkaldiaren ibilbidea.

Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteak bi eguneko mendi irteera antolatu du uztailaren 13an eta 14ean, Pirinioetan. Hain zuzen, Clarabide mendira igotzeko ibilbide zirkularra egingo dute, Loudenvielle-eko Pont du Part aterpetik abiatuta.

Antolatzaileek adierazi dutenez, bi eguneko zeharkaldiak ez du aparteko zailtasun tekniko garrantzitsurik, baina desnibel positibo eta negatibo handiko ibilbideak dira. Horregatik, Pirinioetan ibiltzen ohituta egotea eta desnibeletarako prestatuta egotea gomendatzen dute.

Larunbatean, uztailaren 13an, goizeko 7:00etan aterako dira autobusez Alamedako geltokitik, eta 07:05ean Lintzirinetik. Behin Loudenvielle-ra iritsita, La Soula aterpera iristeko 5 kilometroko ibilaldia egingo dute, 475 metroko desnibelarekin.

Igandean, berriz, Clarabide mendia (3.019 metro) igoko dute Pouchergues lakua igaro ostean. Behin gailurrera iritsita, bueltako bidea hartuko dute Pont de Prat-en amaitzeko. Guztira 19,5 kilometroko ibilbidea, 1330 metroko desnibelarekin.

Parte hartzaileek La Soula aterpean lo egingo dute larunbatean, eta beharrezkoa izango da lo zakua edo maindirea eramatea.

Izen-ematea

Zeharkaldian parte hartzeko beharrezkoa izango da 75 euroko erreserba egitea aldez aurretik, plazak mugatuak baitira. Izen-ematea formulario honen bidez, 943 527 879 telefonora deituz edo astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara, Urdaburuko egoitzan bertan egin daiteke.