Landarbaso Abesbatzak Austriako Spittal an der Drau-ko nazioarteko lehiaketan parte hartuko du

Landarbaso Abesbatza ostegun honetan, uztailaren 4an, hasten den Spittal an der Drau-ko (Austria) Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan parte hartuko du, musika koralaren arloko ospetsuenetako bat.

Iñaki Tolaretxipik zuzendutako abesbatzak austriako lehiaketan parte hartzen duen hirugarren aldia izango da, bertan 2004an eta 2012an aritu ostean. 2023ko udan 2nd Asia Grand Prix irabazi ondoren, Spittaleko lehiaketa nazioarteko erronka berria da Errenteriako abesbatzarentzat.

Landarbaso Abesbatzarekin batera, Indonesiako (Voca Erudita Student Choir), Italiako (Coro Musicanova), Poloniako (Chör Mieszany Lutnia), Suediako (Värmlands Nations Kör) eta Esloveniako (Akademski pevski zbor Maribor) abesbatzak izango dira austriako lehiaketan.

Maila altuko errepertorioa

Errenteriako abesbatzak kontu handiz aukeratutako obrak interpretatuko ditu Spittal an der Drau-eko lehiaketan. Abesbatza guztiek Nana Fortek lehiaketa honetarako berariaz konposatutako Give us peace lana interpretatuko dute.

Bestetik, guztiekJohannes Brahmsen Es ist das Heil uns kommen her, op 29,1 (Landarbaso Abesbatzak aukeratutako pieza) edo Claudio Monteverdiren O Rossignuol obra interpretatu behar dituzte halabeharrez.

Gainera, Landarbaso Abesbatzak Kyrie (Pärt Uusberg) eta Atsalums (Jēkabs Jančevskis) obrak ere aukeratu ditu, Baliko txapelketan interpretatu zituztenak.

Folklore kategorian, abesbatza errenteriarrak euskal musika defendatuko du Javier Bustoren Ametsetan, Victor Zubizarretaren Ama begira zazu eta Jesus Guridiren Akerra ikusi degu abestiekin.

Lehiaketako epaimahaia musika koralaren munduko pertsona nabarmenek osatzen dute. Aurten, zuzendari eta konpositore ezagunak daude panelean, hala nola: Herbert Böck (Austria), Oskar Egle (Austria), Petra Grassi (Italia/Eslovenia) eta Nataliya Lukina (Austria).

Kultura eta musika ospatzeko aukera paregabea

Landarbaso Abesbatzatik diotenez, Spittal an der Draurako bidaia hau “aukera paregabea da nazioarteko beste abesbatza batzuekin esperientziak trukatzeko” eta Euskadiko abesbatzen artean sendotzen jarraitzeko.

Iñaki Tolaretxipi zuzendariaren hitzetan, abesbatzak “lehiaketa bikain bat” egiteko gogo handia du: “Dena ematera joango gara, eta ea zorte pixka bat dugun eta albiste eta sari onekin itzultzen garen Euskal Herrira”.