Udal Plana

Etorkizunaren bidean

Nolako herria nahi dugun erabakitzeko unea da. Non kokatu nahi dugu? Nora eraman nahi dugu? Zein dira Errenteriak dituen indarguneak eta ahulguneak?

Garenetik eta dugunetik abiatuta, eskenatoki berri batera iritsi nahi dugu. Ideien legegintzaldian gaude, eta denoi dagokigu lanean jarri eta ekarpenak egitea. Bakoitzak norberetik eta norberak bakoitzetik, gure aukera eta baliabideetan sinesteko unea da, etorkizunari bide ematekoa, etorkizuna egitekoa.

Biziberritze ekonomikoaren bidean

Merkatuen egoerak eragindako mundu mailako krisi sakon batean murgilduta gauden honetan, Udalak ekonomian duen eskumena sendotzea ezinbestekoa da.

Garapenean eta berrikuntzan oinarrituta, lana sortu eta adierazle baikorretara eraman dezakegu gure ekonomia.

Errenteria estrategikoki kokatu behar dugu Oarsoaldean, Donostia inguruetan eta Pasaiako Badian.

Herri biziaren bidean

Gure bizitasunaren ardatz izanik, Udalak inbertsio ekonomiko berezia egingo du kultur politika baten alde.

Bestalde, inoiz baino errealitate anitzagoa da gurea, mundu osotik datozkigun herritar berriak direla eta. Aniztasun horren elkartrukearen alde egingo dugu lan, eta, horrekin batera, euskara sustatu eta lehentasunezko hizkuntza bihurtzearen alde.

Aldi berean, gizon-emakumeen arteko parekidetasunean pausuak eman eta ingurumen politika eraginkorrak abiaraziko ditugu.

Bidearen bidean

Herritarrek eskubidea dute Udal kudeaketan parte hartu eta haren berri gardentasunez jakiteko. Horiek bermatzeko, herritik Udalera eta Udaletik herrirako komunikazio tresnak sortuko ditugu, ohikoak nahiz teknologia berrietan oinarritutakoak.

Partehartzeak erantzukizunak konpartitzea esan nahi du, kudeaketa hobetzea eta elkarlana bidea egiteko filosofia gisa ulertzea.