Orkestradun egitura berriarekin eskainiko du Andra Mari abesbatzak kontzertua igandean

Andra Mari Abesbatzak ohikoa duen Santa Zezilia kontzertua eskainiko du igandean, hilak 5, Fatima elizan, 18:30ean. Programaren obra nagusia F. J. Haydn-en Nelson Meza izango da,  Austriako musikagilearen mezarik garrantzitsuenetako eta zorrotzenetakoa da.

Udan Santanderko Nazioarteko Jaialdian eta Donostiako Musika Hamabostaldian Deutsche Kammerphilarmonie Bremen orkestrarekin batera eskaini zuen aipatu meza Andra Marik. Oraingoan, berrikuntza batekin iritsiko da emanaldia; izan ere, Andra Mari Abesbatza eta Orkestra egitura berria aurkeztuko du talde errenteriarrak.

Egitura etorkizunera begira sortu dutela adierazi dute abesbatzatik: “Alde batetik, hiriko kultur eskaintza aberasteko balio nahi du, gaur egun ia existitzen ez den proposamen sinfoniko-koral batekin, eta, bestetik, instrumentista gazteentzako proiekzio gisa balioko duen plataforma bat ere izan nahi du”.

Gainera, igandeko kontzertuan 60 lagunek osatutako koroaz eta orkestraz gain, lau bakarlari ere ariko dira: Ana Otxoa sopranoa, Lucia Gomez mezzoa, Aitor Garitano tenorea eta Jesus Garcia baxua. Guztiak Andoni Sierraren zuzendaritzapean.

Leticia Vergararen emanaldia azaroaren 17an

Azaroan emango duten bigarren kontzertu baten berri ere eman dute. Jose Luis Ansorena beka irabazi duen Leticia Vergara mezzosopranoak hilaren 17an kontzertua eskainiko du Andra Mariren egoitzan bertan.

Vergarak abestiak eta opera kantatuko ditu emanaldian.

Kontzertu biak publiko zabalari zuzenduta daude eta doakoak izango dira.