175.000 euro gehiago lokal hutsak bizitzaz betetzeko

Errenteriako tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko, lokal hutsen mobilizaziorako dirulaguntzen deialdi berria martxan dago dagoeneko. Aurreko deialdiaren arrakasta ikusita, sektoreko ordezkariak batzen dituen Errenteriako Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Kontseiluaren oniritziarekin, Errenteriako Udalak 175.000 euro gehiago bideratuko ditu 2024 eta 2025 urteetan lokal hutsak mobilizatzera.

Deialdi berri honen bidez ondoko erronkak landu nahi dira:

• Hiriko ekonomia-sarean negozio berriak jartzea (merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza arloetan).
• Orain arte errentagarriak izan diren negozioei jarraipena ematea, enpresen transmisioa erraztu eta lokalak ixtea saihesteko.
• Lokalak zein merkataritza-gune hutsak mobilizatzea, negozio edo enpresa berriak instalatzeko aukera emanez.
• Gaur egun kaletik zuzeneko sarbiderik ez duten instalazioetan dauden negozioak kale mailan jartzea. Horrela goiko pisuetan kokatuta zeuden negozioen lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera erraztuz.

Enpresa bakoitzari 9.600 eurora arte

Dirulaguntza hauen kasuan, onuradun bakoitzak gehienez 9.600 euro jaso ditzake. Horietako 5.000 euro lokal hutsaren prestaketa eta mobilizaziorako hasierako gastuentzat, 3.600 euro lokal hutsaren alokairu edo eroste gastuentzat eta 1.000 euro gehigarri hainbat faktoreren arabera (euskarazko arreta bermatzea, emakumeen parte-hartzea bultzatzea, Errenkoaldeko kide izatea…).

2025eko azaroaren 3ra arte egongo da irekita deialdiak aurkezteko aukera. Edozein zalantza argitzeko, Udalarekin harremanetan jartzeko telefonoa ere eskuragarri dago: 010 eta 943449600

Aurreko deialdiaren arrakasta

2022 eta 2023 urteetarako 200.000 euroko aurrekontua aurreikusi bazuen ere, Udalak lokal hutsen mobilizaziorako eskaerek kopuru hori gainditu zutela ikusita 290.000 eurotara zabaldu zuen aurrekontua azkenean.

Guztira 36 lokal mobilizatzeko dirulaguntzak bideratu ziren aurreko deialdian; zehazki, 20 lokal berri irekitzeko, goiko pisuetan zeuden 10 negozio kale mailara jaisteko eta 6 negozioren transmisioan laguntzeko.