Aizpea Otaegi alkateak gutuna bidali dio Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministroari Renferen garraio-zerbitzua hobetzeko berehalako neurriak eskatzeko

Renferen garraio-zerbitzuaren milaka erabiltzailek jasaten duten egoeraren larritasunaren aurrean, zerbitzuaren gainbeherari aurre egiteko neurriak eskatu dizkio Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Óscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministroari bidalitako gutunean, martxoko Errenteriako Udaleko osoko bilkuran onartutako mozioan hartutako konpromisoei bide emanez.

Gutunaren edukia hemen irakur daiteke:

Ministro jauna:

Brinkola-Irun linea estaltzen duen Donostiako aldiriko zerbitzua dela-eta jotzen dut zugana. Zerbitzu hori Gipuzkoan garraio iraunkorra, irisgarria eta unibertsala eskaintzeko funtsezkoa bada ere, azken urteetan garraio honen erabiltzaileek zerbitzua gainbehera nola datorren ari dira ikusten.

2017az geroztik etengabeak izan dira murrizketak zerbitzuan. Irun-Donostia ardatzean, gipuzkoar errealitatearen barruan, biztanle-kopuru handia bizi den eremu batean- gure udalerria, Errenteria, eremu horretan dagoelarik- trenen murrizketa nabarmena izan da.

Murrizketa batzuk, Errenteria eta Irun arteko zatian noranzko bakarra ezartzearen ondoriozkoak dira, baina Irun eta Brinkola arteko linean matxurak ere ugariak dira, azken bi hamarkadetan, bai azpiegituran, bai trenen sarean egin diren inbertsio urrien ondorioz.

Gainera, murrizketa horiek askotan ez dira aldez aurretik jakinarazten eta, beraz, zerbitzuaren baliagarritasunik ezari (zerbitzua gutxitzearen ondorioz) gehitu behar zaio zerbitzuarekiko konfiantza-galdera erabatekoa, helmugara garaiz iristeko bermerik ez dagoelako.

Datu esanguratsu gisa esan nahi dizut, Lezo-Errenteria eta Irun arteko tartean noranzko bakarra ezarri denetik, 42 tren gutxiago dabiltzala egunero Gasteiz-Donostia-Irun bitarteko distantzia ertaineko zerbitzuan. Bestalde, 2016. urtean Irun-Brinkola ibilbidea egiteko ordu eta erdi behar bazen, 2017tik aurtengo apirilaren 29ra ordu eta 45 minutu beharrezkoak zirela, eta apirilaren 29tik aurrera gutxienez bi ordu.

Gauzak horrela, milaka erabiltzailek jasaten duten egoeraren larritasunaz dudan kezka adierazi nahi dizut. Kezka orokor hori nabarmen geratu zen joan den martxoaren 26an, Errenteriako Udalaren osoko bilkuran, zeinaren buru izateko ohorea dudan. Bertan mozio bat onartu zen zerbitzuaren ardura duten erakundeei eskatuz beharrezko neurriak har ditzatela eta beharrezko baliabideak erabil ditzatela zerbitzuaren gainbehera geldiarazteko; baita zerbitzuaren maiztasunak eta ordutegiak urgentziaz berrezartzeko, bai aldiriko zerbitzuan, bai distantzia ertainean, Renferen garraio-zerbitzua berriz ere Gipuzkoan mugikortasuna jasangarria, bidezkoa eta unibertsala izan dadin ezinbesteko eragile. Eskaera, beraz, Udalaren osoko bilkuraren agindua betez helarazten dizut.

Aldez aurretik zure laguntza eskertuz, zure esanetara naukazu behar duzunerako.

Errenterian, 2024ko maiatzaren 24an

Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteriako alkatea