Bueltan da Uda 2024 Kirol Kanpaina

Hamabosgarren urtez jarraian, Uda 2024 Kirol Kanpaina antolatu eta zabaldu dute Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Pasaian, eta bertan izan dira lau udalerrietako kirol zinegotziak Leire Mazizior (Errenteria), Eneritz Arruti (Lezo), Julen Rodriguez (Pasaia) eta Edorta Fernandez (Oiartzun).

Uda 2024 Kirol Kanpaina Oarsoaldeko lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Hauek dira elkarlan honen helburuak: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.

Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskainiko dira, 3 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Lau udalerrietan eskaintza oparoa dago gurasoen eskura: piraguismoa, arrauna, txirrinda, paddle surf-a, igeriketa, gimnasia erritmikoa, dantza, eskalada, gazte fitnessa, aquagym-a, zumba, cycling-a, zirko tailerra, tenisa, pilota, judoa,…gustu guztietarako.

Aurreko urteetan bezala, helduei zuzendutako jarduerek ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoentzat). Besteak beste, ondorengoak dira eskaintzen diren ekintzak: igeriketa, areto jarduerak edo paddela.

Besteetan bezala, Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza esku-orri bakarrean jasoko dute herritarrek, eskaintza guztia begirada bakar batean bistaratzeko. Prezioak esku-orrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirol guneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.

Kontsultatu hemen Uda 2024 Kirol Kanpainaren eskaintza guztiak.

Jarduera aniztasuna

Eskualdean horren ohikoak ez diren Paddel Surf, Denok Dantzara, XC edo Enduro bezalako jarduerak ere eskaintzen segituko dute udalek.

Udaran antolatzen den ekimena izanik, azken urteetan, eta aurten bereziki, indarra eman nahi izan diete itsasoarekin zerikusia duten jarduerei. Hortaz, aurten ere eskainiko diren piraguismoa, arrauna, eta Paddel Surf ekintzak egin ahal izango dira. Jarduera horiek ingurune naturalean egiten dira eta badia beste ikuspegi batetik ikusteko eta bizitzeko aukera ematen dute.