Emakumeen Etxeak festa batekin ospatuko du bere 5. urteurrena hurrengo ostiralean

Ekainean Errenteriako Emakumeen Etxeak SOS Arrazakeriako etxeko langileen taldearen erakusketa batekin hasiko du bere programazioa eta ekainaren 7an, ostiralean, bere 5. urteurrena ospatuko du jai batekin.

Ekainaren 4tik 14ra bitarte, SOS Arrazakeriako Gipuzkoako etxeko langileen taldeak sortutako Las Huellas de lo invisible erakusketa bisitatzeko aukera izango da Emakumeen Etxean; astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00era eta astearte, asteazken eta ostegunetan, arratsaldez, 16:00tatik 20:00tara.

Collage artearen eta gogoetaren bidez, beren bizitzak etxeko lanean eman dituztenen erronkak, bizitza-istorioak eta etorkizuna aztertzen dira. Erakusketa gogoetarako gonbit hutsa baino askoz gehiago da; ekintza politikorako dei irmoa da, etxeko zainketen aintzatespenaren inguruan.

5. urteurrena

Bestalde, Emakumeen Etxeak 5. urteurren festa ospatuko du ekainaren 7an, arratsaldeko 18:30tatik 22:00tara.

18:30ean ongietorria egingo zaie Errenteriako eta inguruko emakume guztiei, bost urte hauetan Emakumeen Etxeak egindako bidea ospatu eta partekatzeko.

Ekitaldian Emakumeen Etxeko hainbat taldek parte hartuko dute, eta euren kontu eta bizipenen berri emango dute.

19:30etatik aurrera, mokaduez gozatzeko aukera izango da eta 20:00etan DJ Txankletarekin dantzatu eta abestu ahal izango da, karaoke saioa ere eskainiko baitu.