Emakumeen parte-hartzea izango da XVII. Koldo Mitxelena ikerketa bekaren gaia

2018an hasitako lankidetza sendotuz, Errenteriako Udalak Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren XVII. ediziorako deialdia egiten du, UEUrekin (Udako Euskal Unibertsitatea) laugarren aldiz lankidetzan.

Aurtengo deialdiak aurreko edizioetako helburuei eutsiko dio; hots, euskarazko ikerketa sustatzea, emakumeek egindako ikerketa bultzatzea, Errenteriako udalerriari buruzko ezagutza areagotzea eta bekaren izena daraman filologoa omentzea.

Ikergai zehatza deialdi bakoitzean erabakitzen da, beti ere giza- eta gizarte-zientzien alorrean. Hortaz, 2024ko deialdiko gaia honakoa izango da: emakumeen parte-hartze soziopolitikoa Errenterian XX. eta XXI. mendeetan.

Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2024ko irailaren 1etik urriaren 15a arte egongo da zabalik, biak barne.

Informazio gehigarria (oinarriak, eskaera orria, etab.) www.errenteria.eus web atarian, Zu! Zure Udala zerbitzuan (Errenteriako Udala, beheko solairuan, 010 / 943449600 telefonoa) edo Udal artxiboan (artxiboa@errenteria.eus).