Errenteriarrek erremonteko hiru partida profesional ikusi ahal izango dituzte doan ostegunean

Aurten Errenteriak bat egin du ‘Erremontari Herriz Herri’ proiektuarekin. Proiektu horren helburua da erremontearen kirola jendearen artean zabaltzea. Guztira 17 herrik egin dute bat ekimenarekin, publiko orokorrari kirol hau zuzenean eta modu ikusgarrian ezagutzeko aukera emanez.

Ostegun honetan, ekainaren 6an, arratsaldeko 17:30etik aurrera, Errenteriako bizilagun guztiek Galarretako Jai Alai pilotalekuan jokatuko diren erremonteko hiru partida profesional doan ikusteko aukera izango dute. Horretarako nahikoa izango da sarreran NANa aurkeztea.

Erremontearekin jarraituz, eta ‘Erremontari Herriz Herri’ proiektuaren baitan, ekainaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, profesional mailako bi erremonte partida jokatuko dira Errenteriako Agustina Otaola Pilotalekuan.

Udalak modalitate berezi eta ikusgarri hau ezagutzeko gonbita egin die herritarrei.