864.911 euro bideratuko ditu Udalak 2024ean eraginkortasun energetikorako inbertsioak egitera

Argazkian: Aizpea Otaegi, alkatea, eta Yolanda Martin, Ingurumen zinegotzia, LED luminaria berrietako bat eskutan dutela. Atzean langile bat luminaria bat ordezkatzen ari da.

Errenteriako klima eta energiaren tokiko planean ezarritako aurrezpen eta eraginkortasun energetikoko helburuak lortu asmoz, Errenteriako Udala inbertsio garrantzitsuak egiten ari da udal jabetzako eraikinetan eta argiteria publikoan eraginkortasun energetikoan sakontzeko. Aurten 864.911 euro bideratuko ditu Udalak arlo horietan inbertsioak gauzatzera, iazko kopurua %321ean handituz. Horrela, energia berriztagarrietan instalazio berriak egin eta tokiko komunitate energetikoa sustatzearekin batera, kontsumoa murrizteko neurriak hartzen jarraitzen du Udalak, klima aldaketari aurre egin eta burujabetza energetikoan irabazteko.

Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legearen eskakizunekin bat etorriz % 35eko energia aurrezpena lortu behar du gutxienez Udalak 2030 urterako, 2007ko kontsumo datuak erreferentziatzat hartuta. Bada, dagoeneko %29ko aurrezpena lortu du eta tokiko planean legeak ezartzen duena baino anbizio handiagoko helburua jarri dio bere buruari: %39ko aurrezpena lortzea 2030erako.

Energiaren azken kontsumoaren kasuan, 2030 urterako % 12 aurrezteko helburua jasotzen du Energia Trantsizioaren eta Klima-aldaketaren Legeak 2021eko datuekin alderatuta, eta ordutik %21eko aurrezpena lortu du dagoeneko Udalak. Horretarako hainbat neurri hartu ditu energia aurrezpenaren arloan eta eraginkortasun energetikoan irabazteko inbertsio garrantzitsuak gauzatu ditu.

Zehazki, udal eraikin ezberdinetan argiteria aldatzen ari da orain arteko sistemak kontsumo baxuagoko LED luminariekin ordezkatuz, hala nola, Goialde haurreskolan, Udaletxean, Hiri Mantenuan, Udaltzaingoan, Koldo Mitxelena ikastetxearen Olibet eraikinean, Merkatuzarren, Xenpelar Etxean eta Pio Baroja eraikinean. Eraikinez gain, herriko argiztapenean ere ari dira kontsumo baxuagoko sistemak ezartzen. Gaur bertan hasi dira Galizia biribilgune inguruko instalazio lanak eta horiekin batera Galtzarbordako kiroldegiaren inguruan, Tulle kalearen inguruan eta Maria de Lezo kalearen inguruan ere ordezkatuko dira argiak datozen asteetan. Urte honetan zehar, gainera, 479.000 euroko lizitazioa abiatuko du Udalak argiteria publikoko koadro gehiago ordezkatzeko, tartean Beraungo estadioko argiteria ordezkatuko delarik, lan horiek 2024ean esleitu daitezkeela aurreikusten da eta 2025ean gauzatu.

Aurreko urteetan egindako bidean jauzi bat

Errenteriako Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko 2020-2030 Ekintza Plana da Udalaren arlo honetako iparrorratza. Plan hau, herriko eragile ezberdinekin lankidetzan osatu zen. Bertan jasota daude 2030era begira Udalak energiaren arloan hartutako konpromisoak. Horiek gauzatzeko neurri ezberdinak hartzen ari da Udala azken urteetan, besteak beste, energia aurrezpenari eta eraginkortasunari loturikoak. Iaz, esaterako, xede horrekin 268.884 euroko inbertsioak gauzatu zituen. Besteak beste, herriko hainbat ikastetxe publikoetako, Fanderiako futbol zelaiko, Agustinetako jubilatuen elkarteko eta Gabierrotako ludotekako argiteriak ordezkatuz.