‘Kirolaren Eguna’ antolatu dute larunbaterako, zenbait kiroli ikusgarritasuna emateko helburuarekin

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Leire Mazizior, Kiroletako zinegotzia, Julen Legarra, Fontanería Irurieta Beraun Errenteria elkartearen ordezkaria; Xabier Sanchez, Orereta Rugby Taldea elkartearen ordezkaria; Eider Labaca eta Olatz Sanchez, Ereintza Eskubaloi taldearen ordezkariak, eta Julen Beldarrain, EPLE Pilota Eskolaren ordezkaria.

Datorren larunbatean, ekainaren 22an, 10:00etatik 13:00etara, ‘Kirolaren Eguna’ ekimena egingo dute lehen aldiz Errenterian, zehazki, Gernika plazan. Jardueraren helburua da herrian egiten diren kirolei ikusgarritasuna ematea.

Bereziki 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako proposamen honen bidez, klubek antolatzen dituzten jolas eta partidilloez gozatu ahal izango dute parte-hartzaileek. Horrela, hainbat kirol modalitate probatu ahal izango dituzte, eta goiz atsegin bat igaro ahal izango dute aire zabalean kirola eginez. Jarduera doakoa izango da, aldez aurretik izena eman beharrik gabe, eta nahikoa izango da plazara gerturatzea gozatzeko gogoz.

‘Kirolaren Eguna’ ekimenaren lehenengo edizio honetan parte hartuko duten klubak, eta beraz praktikatu ahal izango diren kirolak, hauek izango dira: EPLE (pilota), Ereintza (eskubaloia), Oiarso (saskibaloia), Fontanería Irurieta Beraun Errenteria (mahai-tenisa) eta Orereta Rugby Taldea (errugbia).

Gernika plazan 6 gune antolatuko dira eta hauetako bakoitzak jarduera desberdin bat izango du. Egurrezko pareta batean pilotan jokatzeko aukera izango dute gazteek, kirol anitzeko pistan, berriz, eskubaloi eta saskibaloian eta plazaren beste guneetan errugbia eta mahai tenisean.

Antolatzaileek parte hartzera eta klubek antolatutako jokoez gozatzera gonbidatu dituzte gazteak.

Elkarteen kirol-eskaintza zabala

Egun herriko elkarteetan praktikatu daitezkeen kirol modalitate desberdinak ondorengoak dira: areto futbola, arrauna, atletismoa, billarra, boleibola, borroka kirolak, boxeoa, errugbia, eskubaloia, futbola, igeriketa, judoa, karatea, kirol egokitua, mahai tenisa, mendizaletasuna, pilota, saskibaloia, triatloia, txirrindularitza eta xakea.