Etiopia Utopia Fundazioak elkartasun calçotada bat egingo du bihar Errenterian

ARGAZKIA: HITZA

Etiopia Utopia Fundazioak ibilbide luzea du herrialde afrikar honetako populazioaren bizi baldintzak hobetzeko ahaleginak egiten. Bere lana Etiopiao iparraldean kokatzen den Wukro izeneko lurraldean burutuzen du. Bertan Angel Olaran misiolariak hasitako garapenaren aldeko lanak izan ziren, hain zuzen ere, fundazioaren sortzaileen inspirazio. Lan honekin jarraitzeko fondoak lortzeko eta Etiopiako egoera ezagutarazteko helburuarekin calçotada bat antolatu du fundazioak iganderako Errenterian.

Etiopia Utopia erakundeko ordezkariak  Errenteriako Udaletxean Julen Mendoza alkatearekin prentsaurreko bat eskaini zuten atzo eta bertan Imanol Apalategi fundazioaren presidenteak guztira 3.000 calçot banatuko dituztela (500 razio) jakinarazi zuen, Maria de Lezo kalean, Magdalena ermita eta Bodega Txikote tabernaren parean, 12:00tatik 14:00etara.

Prentsaurrekoan Pello Ruiz Cabestani txirrindularia izan zen ere, fundazioko kidea delako eta bera izango delako Kataluniako jaki tipiko hauek prestatzeaz arduratuko dena. Elkartasun jaialdi honetara gerturatzen diren herritarrek bost euroren truke sei calçot jan ahal izango dituzte.

Bertan jasotako dirua fundazioak abian duen Irribarreak Proiektura bideratuko dute. Proiektu honen helburua hortz klinika bat Wukron eraikitzea da, Apalategik azaldu zuenez, lurralde honetan 4,5 miloi pertsonentzako 3 dentista besterik ez daudelako eta jendea txantxar huts bat izateagatik hiltzen delako.

Etiopia Utopiako presidenteak zehaztu zuenez, proiektuak heziketa atal bat ere aurreikusten du etiopiar osasun langileei prestakuntza emateko etorkizunean zerbitzu hauek beraiek kudeatu ditzaten, ez baitute nahi Wukroko populazioak kanpoko erakundeen dependentzia izatea.

Mendoza alkateak eskerrak eman zizkion fundazioari ekimen hau Errenterian prestatu izanagatik, bere iritziz positiboak direlako herriari bizitza ematen dieten ekitaldiak, eta are gehiago helburua laguntzea denean.