Bizikletaren Mundu Eguna, ostiralean

bizikletaz

Bizikletaren Mundu Eguna ospatuko da, apirilaren 19an. Udal Kirol Patronatuak ibilgailu honen erabilera sustatu nahi du herritarren artean eta horregatik,  ostiralean kirol instalazioetara bizikletaz joaten diren pertsona guztiek opari txiki bat jasoko dute.

Indoor zikloko saio bat ere prestatu dute, bazkideentzat doakoa izango dena. Saioa Galtzarabordako Kiroldegian egingo da 18:30ean hasita eta hiru orduko iraupena izango du. Izena Galtzaraborda edo Fanderiako udal kiroldegietan eman beharko dute interesdunek.

Udal Kirol Patronatuak, gainera, zera eman nahi izan du jakitera: “Mundu osoko hiri guztiak ibilgailuz beteta daude. Horien erabilera indiskriminatuak kutsadura sortzen du, baita desberdintasuna ere, eta indibidualizatzen gaitu”. Bizikletaren erabilera, ordea, “onuragarria da gure osasunarentzat, adin guztietan eta ingurumenarekiko errespetua erakusten du”.