Iztieta eta Agustinak auzoetako bizilagunak izango dira lehenak Hondakinen Taldearekin biltzen

Hondakinen taldeaErrenteriako Hondakinen Taldeak hainbat saio antolatu ditu, berriz ere, herriko auzo ezberdinetan. Lehen bi bilerak egun berean egingo dituzte, ostegun honetan, hilaren 16, Iztieta eta Agustinetako bizilagunekin.

Iztietako lagunekin Gurekin Auzo Elkartean bilduko dira eta Agustinetakoekin Agustintxo Auzo elkartean. Kasi bietan batzarra 19:30etan izango da.

Helburua, azken hilabeteetan herritarrez eta elkarteez osatutako talde honek hondakinen inguruan eginiko hausnarketaren ondorio diren emaitzak azaldu eta hondakinen arazoari aurre egiteko Udalari aurkeztuko dion proposamenaren berri ematea izango da.

Taldea, Errenteriako hondakinen arazoari aurre egiten lagunduko dion irtenbidea zehazteko, lan-talde irekian izandako eztabaidak, inguruko zein urruneko herrietako esperientziak, herritarrekin egindako informazio eta ideia trukeak, eta antolatutako mahai inguruetan oinarritu da.

Kideek azaldu dute euren proposamena Gipuzkoa mailan aitzindaria dela uste dutela, “gure udalerriko errealitateari egokitutako irtenbide errealak eta zehatzak definitzen baititu”. Ideiak horiek dira, hain zuzen ere, auzo ezberdinetan aurkeztu nahi dituztenak.

Horretarako, Iztieta eta Agustinetako bizilagunei saioetara hurbiltzeko deia egiten die Hondakinen Taldeak eta baita interesa duen edonori ere.

Nahi duenak, gainera, bere ekarpenak edo kezkak helaraz diezazkioke Hondakinen Taldeari e-posta bitartez hondakinakIAK@googlegroups.com helbidera.