Otorduak elikagai ekologikoekin prestatzea erabaki dute Uztargi haur eskolan

Ekolapiko_800x450Elikagai ekologiekin osatutako otorduak prestatzen hasi dira ikasturte honetan Uztargi haur eskolan. Izan ere, Errenteriako Udalak bat egin du Ekolapiko programarekin eta Uztargi izan da egitasmoa martxan jartzeko hautatu duten eskola.

Bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin, elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzeko proiektua da Ekolapiko, Biolur Gipuzkoak, Cristina Enea Fundazioak, ENEEKek, Kutxa-Ekoguneak eta Behemendik sustatzen dutena. Baina ez hori bakarrik, ekimenaren aurkepenean Josune Romo Biolurreko teknikariak adierazi zuenez, Ekolapikoren esentzia sentsibilizazioa lantzean datza:: “Barazki eta frutak edo animaliak hazten direnetik, gure platerera iristen diren arte”.

Romok, gainera, azaldu zuen Ekolapiko hiru ardatzetan oinarritzen dela. Alde batetik Gipuzkoako landa garapena sustatzea du helburu proiektuak, bertako eta garaiko produktuak kontsumituz. Lurra eta animalien zainketan ere arreta berezia jatzen dute eta horretarako, elikagai ekologikoak kalitatearen eta iraunkortasunaren eredu garbiena direla sinesten dute. Gainera, osasuna bermatzeko, familiak gaiarekiko sentsibilizatzea beharrezkoa ikusten dutela adierazi zuen.

Egun, Gipuzkoako 8 eskolek parte hartzen dute Ekolapiko sarean eta egunean, bataz besteko, 800 otordu banatzen dituzte. Horretarako, Gipuzkoako 12 ekoizlerekin egiten dute lan eta Nafarroako banatzaile batekin osatzen dituzte lurraldean ekoiztu ezin direnak.

Gurasoak pozik

Benat Irasuegik seme gazteena du Uztargi haur eskolan eta proeiktuarekin “oso pozik” dagoela adierazi zuen: “Astean bost egunetan bazkaltzen dute haurrek eskolan eta gurasoak kezkatu egiten gara jaten dutenarekin”. Bere iritziz, otorduen kalitatea bermatzeko, berebiziko garrantzia du eskoletan sukalde propioa izateak eta bertako produktu ekologikoak erabiltzea horiek prestatzeko.

Honekin batera, Irasuegik, gurasoak animatu nahi izan zituen euren seme-alaben eskoletan ere mota honetako programak martxan jar ditzaten bultzatzera, “hautsi egin behar dugu produktu ekologikoak garestiak diren sineskeriarekin”.