Huegun: “Bertsolariaren lana, bere fruitua, irudikatu nahi izan dut Xenpelar omentzeko eskulturan”

Gotzon HuegunDatorren igandean, hilak 12, Xenpelar omentzeko eskultura inauguratuko dute bertsolaria jaio zen egunarekin bat eginez. Lana Foru plazan kokatuko da eta Gotzon Huegun eskultorea izan da hori egitearen arduraduna; izan ere, bera izan baitzen Udalak udaberrian deitutako lehiaketa publikora aurkeztutako 15 lanen artean irabazlea.

Huegunen hitzetan, lehiaketan parte hartzea erabaki zuenean izandako lehenengo ideiatik oso urruti dago lan irabazlea: “hasieran Xenpelar bera irudikatu nuen baina pertsonifikazioa gainditu eta bertsolarilariaren lana, bere fruitua irudikatzea ideia polita iruditu zitzaidan gero, eta ideia hartatik tiraka sortu nuen aurkeztutako lana”. Eskulturak zuhaitz itxura du eta arbolaren fruituak izango liratekeenak Xenpelarren bertsoekin osatuta daude. Bertso horiek hautatzerako garaian Andoni Egañaren laguntza izan duela esan du.

Normalean harria eta egurra lantzen ditu Huegunek baina oraingoan “corten” altzairua hautatu du “Xenpelarren fruituak” izeneko lana egiteko: “altzairu mota honen oxidazioak ezaugarri bereziak ditu eta eskultura bera korrosio atmosferikotik babesten du”. Hala, 1.500 kiloko lana osatu du artistak, 3 metroko altuera eta 2,40 metroko zabalerarekin. Hori Foru plazako zuhaitzen arten jarriko dute, lurrarerekin estaliko duten 60 zentimetroko euskarri baten gainean: “zuhaitz bat landatuko dugu Xenpelarren omenez, baina zuhaitz berezia, metalez egindakoa”.

Bere lana lehiaketako irabazlea izan zela jakin ondoren, azaroaren 15ean ekin zion egileak lanari eta berak aitortu duenez, gogor egin behar izan du lan eskultura urtarrilaren 12rako prest egon dadin baina pozik agertu da lortutako emaitzarekin.  

Xenpelarrek bertsolaritzari egindako ekarpena handia izan zen oso, kualitatiboki zein kuantitatiboki. Zalantzarik gabe, bere garaiko figura nabarmenenetakoa izan zen eta baita XVIII. mendetik gaur egun arte bertsolaritzaren historia dokumentatuaren bertsolaririk garrantzitsuenetakoa ere. Horregatik erabaki du Udalak, Xenpelar Bertso Eskolak egindako eskariari jarraituz, 1835ean Errenterian jaiotako bertsolariari gorazarre egiteko eskultura herrian jartzea.