Julen Mendoza: “Eraldaketaren bidean jarraitzen dugu”

balorazioa_100egunLegegintzaldiko lehen 100 egunak pasata, Gobernu Taldeak orain arte egindako lana baloratu du. Hilabete gutxi batzuk pasa badira ere, Mendozak adierazi du aurreko legegintzaldiaren jarraipena dela honakoa, eta gobernu taldekoen artean aldaketak izan badira ere, “eraldaketarako gogo bera” izaten jarraitzen dutela.

Egindako lana lau espaziotan banatu du Gobernu Taldeak: garapen sozioekonomikoa, gizarte babesa, hiri-mantenua eta hirigintza eta ingurumena. Halere, Mendozak azpimarratu nahi izan du euren jardun politikoaren zentroan pertsonak eta bizitza duina izateko eskubidea daudela eta ildo horren bidetik egin dutela lan.

Garapen sozioekonomikoari dagokionez, industria ekonomiatik ezagutza eta zerbitzuak ekoizten dituen ekonomiara ematen ari den aldaketa jarri dute ardatz gisa. Eta bide horretan, “kultura eta kreatibitatearekin zerikusia duten jarduera ekonomikoen aldeko apustua” agiten ari direla adierazi du Mendozak. Horrela, arlo honetan egindako hainbat jardun nabarmendu nahi izan ditu Ion Collar kultura zinegotziak.

Besteak beste, Lekuona Dantza eta Arte Eszenikoetarako Zentroko obrak Gipuzkoako Foru Diputazioarekin batera konfinantziatu dira. Gobernu Taldeak Oarsoaldearen laguntzarekin enplegu plan bat abiatu dute, eta 34 kontratazio egiteko aukera emango du honek. Era berean, Torrekua eraikinean obrak egiten ari dira bertan teknologia berriei eta artisautzari leku egiteko. Eta Kapitain etxean ere obrak abiatu dituzte Jantzien Musoa kokatzeko, zein Euskal Herriko eta kulturari buruzko jarduerak egiteko. Niessen kulturgunean ere berregokitze lanak hasiak dira.

balorazioa_100egun3Gizarte babesaren arloan, berriz, Mendozak aipatu du herritarren zahartzeari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko beharrezko baliabideak sortzeari ekin diola Udalak. Ildo beretik, bizitzako esparru guztietan bizitza duinerako espazioak sustatzea helburu moduan jarri dutela adierazi du Jaione Karrikiri alkateordeak. Iztietan abiatutako programa pilotua, zeinak auzoaren irudia, merkataritzaren biziberritzea eta bizikidetza hobetzea erronkatzat duen; Pausoz/Pauso programa; pobreziaren eta etxegabetzeen aurkako zerbitzu berria, Gizarte Zerbitzuetako Aholku Kontseilua eta herritarren segurtasunean parte hartzeko tokiko kontseiluaren araudia izan ditu izpide Karrikirik. Azken honetan, azpimarratu du kontseilu hori sortzeak herritarren segurtasunerako paradigma aldatuko duela, eta polizia eredu atzerakoitik prebentzioko eredura pasako dela, besteak beste.

Hiri-mantenuko eta hirigintzako atalean apustu sendoa egin dutela adierazi du Karrikirik. Kale garbiketa hobetze aldera, garbiketa zerbitzura urtean 500.000 euro gehiago bideratzea aurreikusita dago. Alabergako igogailuen proiektuaren zirriborroa ere egin dute. Bide berean, Ondartxo Zubia altxa dute eta Alfontxo XI.a kalea peatonalizatzeko lanak kontratu dira.

Ingurumen arloan, ostera, garapen iraunkorraren aldeko konpromisoa sendoa izateko bere egiten dutela adierazi du Gobernu Taldeak. Oiartzun ibaiaren paisaiaren gaineko ekintza-plana; hondakinak prebenitzeko plana, zeinarekin 2016an hondakinen %60 birziklatzeko helburua bete nahi den; eta Alhondigan bizikletentzako aparkaleku publikoa jartzeko asmoa dira besteak beste, alor honetan nabarmendutako puntuak.