Emakumeen Ahalduntzerako Eskolen ikasturte berria martxan da

emakumeen_ahalduntze_eskolaDatorren ikasturteari begira Emakumeen Ahalduntze Eskolak abian dira eta aurtengoan bi eskaintza aurkeztu dituzte. Batetik, Eraldaketa Feministarako Eskola, non Errenteriako Udalaren Berdintasunerako azpisailak eta Garaipen Elkarteak antolatzen dituzten ikastaroak batzen diren. Eta bestetik, “Emakumeak: topaketak eta gizartearen parte-hartzea helburu”, zeinetan auzoetako emakume elkarteek antolaturiko ekintzak biltzen diren.

Antolatzaileen esanetan, eskolaren asmoa belaunaldi ezberdinen arteko topaleku izatea da, baita hausnarketarako parada emango duen espazioa izatea ere. Iaz jarri zen martxan lehenengoz eta 150 emakumek eman zuten izena. Izandako harrera ona ikusita, aurten ere eskolari jarraipena eman nahi diote. Guztira 18 ikastaro eskainiko dituzte urriaren erdialdetik aurrera. Horietariko batzuk errepikatu egingo dituzte, izandako balorazio ona dela eta. Medikuntza naturala edota “indarkeria ikusezinari aurre egiten”, esaterako. Beste batzuk, berriz, berriak izango dira, gure genealogia feministak, emakumeak eta literatura edota autolaguntza taldea, azken hau Oarsoaldeko gainontzeko udaletxeekin elkarlanean antolatua.

Ikastaro guztiak doan dira eta izena hilaren 28tik aurrera eman ahal izango da eskolafeminista@errenteria.eus helbidean, 943 44 95 76 telefono zenbakian edo auzoetako emakume elkarteetan.

Bestalde, “Emakumeak: topaketak eta gizartearen parte-hartzea helburu” ekimenean 11 auzoetako emakume elkarteek antolatzen dituzten ekintzak batzen dira. 1400 emakume baino gehiagok hartu zuten parte iaz eta guztira 100 ekintzatik gorako eskaintza dago.